Ikusia dago: txirrindulariak Parisera iritsi arte Frantziako Itzulian ez dago ezer erabakita. Lau egunen faltan, oraindik ere oso irekita daude podiumeko aukerak. Atzo Alpe D´Huez-en gora egindako lan bikainak sailkapen nagusiko lehen postura igo du CSC taldeko Carlos Sastre. Hala ere, oraindik ere erabakigarria izan daitekeen erlojuz kontrakoa dute larunbatean. Beraz, Sastre eta Evans-en arteko lehiak aurrera jarraituko du, eta Menchov, Schleck eta Kohl-ek ere lanak emanen dituzte oraindik. Alpe D´Huez-en igoera zirraragarriaBeldurtzeko modukoa zen atzoko etapa. 210 kilometro eta maila bereziko 3 portu, Galibier, Croix de Fer eta Alpe D´Huez, eta helmuga azken honetan. Espero bezala, pare gabeko ikuskizuna eskaini zuten txirrindulariek. Euskaltel taldeko Ruben Perez eta Peter Velits, Di Gregorio eta Schumacher izan ziren leheneno hiru izarrak. 3. kilometroan ihes egin eta batera egin zuten etapa gehiena. Hala ere, Tourreko faboritoen arteko lehiak aukerarik gabe utzi zuen ihesaldia. Erritmo bizia jarri zuten azken bi portutan eta, geldi-geldi, indartsuenak baino ez ziren geratu aurrean. Azkenean, Alpe D´Huez-en gora, ihes egin zuen CSC-ko Carlos Sastrek. Eta etapa ez ezik, maillot horia ere irabazi zuen. Tourreko faborito Cadel Evans-i ateratako aldeari esker, 1:34ra utzi du sailkapen nagusian. Beraz, erabakigarria izanen da larunbateko 53 kilometroko erlojuz kontrakoa. Aurretik, gaur eta bihar, ibilbide gorabeheratsuko bi etapa dituzte. Mendiko maillotak badu nagusiaJoan zen igandeko etaparen ondoren, Egoi Martinezek begiz jota zuen mendiko maillota. Atzo ordea haren jabetza ziurtatu zuen Bernhard Köld australiarrak. 125 punturekin bera da buruan eta 80 punturekin, 2. eta 3. postuan daude Schleck anaiak. Egoik 50 punturekin jarraitzen du 10. postuan. Atzoko etaparen ondoren, 51. postuan dago Egoi Martinez, 1:32:31ra; 74.ean Jose Luis Arrieta, 2::02:15era; eta 77.ean Gorka Verdugo, 2:02:15era. Beste behin ere, lan bikaina egin dute sakandarrek: beraien liderrendako lan egin dute eta etapa baten bila ere abiatu dira. Bejon daiela!