Egoi Martinez lidergoaren bila atera zen atzo

Guaixe 2008ko irailaren 1a

Ezuste gozoa eman zuen Euskaltel-Euskadi taldeak larunbatean. Paregabeko taldekako erlojuz kontrakoa egin, eta bigarren postuan geratu ziren. Emaitza paregabeak aukera berriak ireki zizkion talde laranjari eta atzo horietaz baliatzen ahalegindu zen Egoi Martinez: etapa hasieran ihes egin eta liderraren maillotaren bila abiatu zen. Hasieratik zekien Etxarrikoak ez zuela lan erraza izango. Hala ere ihesean egin zituen etapako kilometro gehienak, Andalucia-Cajasur taldeko Jesus Rosendorekin, Tinkoff taldeko Mijail Ignatiev-ekin eta Credit Agricoleko Cyril Lemoinerekin batera. Behin-behineko lider zela, helmugarako 45 kilometroren faltan, ihes lagunak atzean utzi eta bakarrekin ekin zion lanari. Baina ez zen posible izan. Etapa amaitzeko 20 kilometro falta zirela irentsi zuten tropeleko lehen gizonek. Alejandro Valverderendako izan zen etapa eta bera da lider berria. Garaipenik gabe geratu zen Egoi Martinez, baina ez zen antzua izan bere ahalegina: sailkapen nagusiko 4. postura igo da etxarriarra eta 15 segundora du liderra. 15.a da Imanol Erviti, 22 segundora eta 68. postuan dago Jose Luis Arrieta, 33ra. Jaen eta Kordoba artean ibiliko dira gaur txirrindulariak, 168,6 kilometroko etapan.