Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ez zen oso etapa borrokatua izan. Beroak txirrindulariak kikildu zituen antza. Andalucia-Cajasur taldeko Manuel Ortega izan zen ihes egin eta etapari bizia emateko prest zirudien bakarra. Jaendarrak etxekoen aurrean ikuskizuna ematea nahi izan zuen, baina, horrelakoetan ohi denez ordea, etapa amaitzeko 28 kilometroren faltan ihes egin zuen Bettinik eta ezerezean utzi zuen bere ahalegina. Bettiniri ere ez zioten utzi helmugara bakarrik iristen eta azkarrenen artean erabaki zen etapa: Quick Step taldeko Tom Bonnen izan zen azkarrena, Bennati eta Zabelen aurretik. Haien denbora berean zeharkatu zuen helmuga Egoi Martinezek eta Jose Luis Arrietak, tropelean. Imanol Erbiti 158.a izan zen, 9:30era.Liquigas taldeko Daniele Bennatti da lider berria. Egoi Martinez 5.a da, 22 segundora, 62.a da Jose Luis Arrieta, 40 segundora eta 125.a Imanol Erbiti, 12:06ra. Gaurkoan ere antzeko etapa espero da. Cordoba eta Puertollano arteko 170,3 kilometroko etapan, 3. mailako bi portu izanen dituzte oztopo bakarrak. Gainera litekeena da biharko erlojuz kontrakorako indarrak gorde nahi izatea.