AHTren kontrako rock doinuak

Guaixe 2008ko irailaren 12a

Atzokoan Altsasuko Gaztetxean prentsaurrekoa eman zuten guztiaren berri emateko. Elkarlaneko kideekin batera agerraldian Kaleginez eta Las Devoras taldeetako musikariak eta zenbait gazte asanbladatako kideak izan ziren. Azaldu zutenez bihartik abendura bitartean 14 kontzertu antolatu dituzte. Esan zutenez GeldiROCKen helburuak dira "musikaz gozatzeaz gain, AHTren inposaketa, suntsiketa eta azpiegitura honen inguruko beharrik ez dugula adieraztea". Sakanako AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek adierazi zutenez kontzertuetan ere informazio guneak jarriko dituzte, "AHTren inguruan nahita ezkutatzen zaion informazioa ahalik eta zabalena eskaintzeko". Elkarlaneko kideek, bide batez, agerraldia baliatu zuten kanpaina aurrera eramaten lagundu duten gazte asanbladei eskerrak emateko.  EgutegiaGeldiROCK kanpainako kontzertuetako kartelak osatzea gazte asanbladen ardura izanen da. Salbuespena Irurtzungo Pikurock jaialdia eta kanpainako kontzertu zentrala, GeldiROCK, izanen dira. GeldiRock jaialdian oholtza gainera Reincidentes, Gatibu, Betagarri eta Stupenda Jones taldeak igoko dira, besteak beste. Gainontzeko datak honakoak dira: irailaren 13an, Uharte Arakilen; irailaren 20an, Olaztin; irailaren 26an, Olaztin; lastailaren 3an, Etxarri Aranatzen; lastailaren 17an, Altsasun; lastailaren 25ean, Iturmendin; lastailaren 31n, Irurtzunen (Pikurock); azaroaren 8an, Bakaikun; azaroaren 14an, Hiriberrin; azaroaren 15ean, Leitzan; azaroaren 22an, Arbizun; azaroaren 29an, GeldiROCK jaialdia; abenduak 12, Lakuntzan eta abenduaren 20an, Etxarri Aranatzen.