Txirrindulariak dagokien tokian

Guaixe 2008ko irailaren 4a

Atzoko erlojupekoak agerian utzi zituzten txirrindulariek beraien indarrak. Sprinterrek sailkapen nagusiko lehen postuak utzi eta haien lekuak hartu zituzten itzuliko gizon indartsuenek.Etapa irabazita, Astana taldeko Lepheimer da lider berria, baina gertu gertuan du Chavalel, 2 segundora. Valverde, Contador eta Sastrek ez zuten huts egin atzokoan eta sailkapen nagusiko goiko postuak hartzen ari dira. Sakandarrei dagokienez, Caisse d´Epargneko Imanol Erbiti izan zen atzo finen ibili zena. 12. postuan amaitu zuen hiriberritarrak, irabazlearengandik 1:52ra. Bere taldeko liderrak, Alejandro Valverdek Arakilgoaren denbora hartu zuen erreferentzia gisa, sakandarrak egindako lan onaren seinale. 76.a izan zen Egoi Martinez, 3:36ra eta 92.a Jose Luis Arrieta, 4:22ra. Sailkapen nagusiko 36. postuan dago Egoi Martinez, Leipheimer-engandik 3:27ra; 53.a Jose Luis Arrieta, 4:51ra; eta 112.a Imanol Erbiti, 13:24ra. Gaurko etapak, itzuliko 6.ak, Ciudad Real-etik eta Toledora eramanen ditu txirrindulariak. 150,1 kilometrotan 3. mailako Marjaliza portua izanen dute oztopo handiena.