Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako mendizale talde batek Otxoa de Olza mendizalea izanen du gogoan bihar Beriain mendiaren magalean. Haren omenez jarri duten oroitarriaren ondoan eginen dute omenaldia. Nafarroako Mendi Federazioak bat egin du bertako langile izan zen Otxoa de Olzaren omenaldiarekin eta bere elkarte zen Club Deportivo Navarra ere ekimenera batu da. Oroitarria leku kuttuneanBeriaingo harri, malda eta gainek ezaguna zuten Iñaki Otxoa de Olza. Mendi igoera, espedizio edo erronka berriak buruan zituela, Iruñeko mendizaleak ohiko zuen behin eta berriz inguruko bailara eta mendien begiratoki ederrera igotzea. Ongi ezagutzen zituen bertako txokoak. Horien artean bereziki kuttuna zuen iturriaren gainaldean, ur deposituaren ondoan dagoen larretxoa. Txoko hori aukeratu dute Sakanako lagunek haren omenezko harria jartzeko, "mendi bat irudikatzen duen harria" azaldu digu Koldo Arnanzek. Omenaldia11:30ean dute hitzordua mendizaleek, Unanun. Autoak herrian utzi eta oinez, elkarrekin eginen dute Beriain magalerainoko bidea. 12:00etan, Lizardik mendiari eskainitako poema ederrak emanen dio hasiera omenaldiari, Etxarri Aranazko abesbatzaren ahotsetan. Ondoren, mendizaleek zuhaitz bat landatuko dute oroitarriaren ondoan eta, Anapurnan zendu zen mendizalea gogoan, aurreskua dantzatuko da. Haren omenez, ekitaldiaren antolatzaileek tailatutako pioleta emanen diote familiari. Erkuden eta Itziar Floresen doinu goxoak etorriko dira ondoren eta Iñaki zenaren anaia, Pablo Otxoa de Olzaren hitzak amaitzeko. Ekitaldia despedituta, Unanun otamena izanen da bertaratu diren guztiendako. Maiatzean gogoanIñaki Otxoa de Olzak ia hitzordu finkoa zuen gabonen inguruan Altsasun. Bere azken espedizioetako gorabeherak eta asmo berrien azalpenek sakandar andana mugiarazten zuen urtero. Urte horietan guztietan asko dira iruindarrak Sakanan egindako lagunak. Koldo Arnanzek jakinarazi digunez, bihar ez ezik, urtero, maiatzaren 23tik gertuen dagoen igandean Beriain gainera igoaz gogoan izanen dute Iñaki Otxoa de Olza. Aralar, Handia eta Urbasako gainak eta Pirinioak ikusten dira, besteak beste Beriain gainetik. Hemendik aurrera Himalaia ere sumatuko du nork edo nork.