Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzoko etaparekin amaitu zen 2008ko Espainiako Itzuliko lehen astea, etapa lauen astea, sprinterrendako egokiena. Lehen azterketa ere izan dute dagoeneko: asteazkeneko erlojupekoa. Ez dute hutsik egin faboritoek eta sailkapenaren lehen postuak hartu dituzte Chavanelek, Leipheimerrek, Valverdek, Contadorrek eta Sastrek. Atzo, itzuliko 6.ean, Quick Step taldeko Bettini nagusitu zen, Toledoko helmugako azken maldak sprinter azkarrenendako gogorregia zela baliatuz. Tropel nagusian helmugaratu ziren atzo Egoi Martinez eta Imanol Erbiti eta 4 minutura Jose Luis Arrieta. Sailkapen nagusian ere aldaketak egon ziren: Cofidis taldeko Chavanel-ek hartu zuen Lepheimer-en tokia. Atseden eguna dute gaur txirrindulariek, ongi baino hobeto etorriko zaien atseden eguna, bihartik aurrera Piriniotako portu gogorrak etorriko baitira. Bihar izanen dute lehen hartu emana lau portuko etaparekin. Azken biak, La Rabassaren bi igoerak helmugarako 30 kilometroren faltan hasiko dituzte, 200 kilometro eginak dituztenean. Motzagoa izanen da igandeko etapa, baina hau ere ez da nolanahikoa izango, lau portutik hiru 1. mailakoak izanen baititu. 151 kilometroko etapa gora beheretsua amaitzeko Pla de Beret portua gainditu beharko dute. Eta hau hasi baino ez da egin... Itzuliak gehiago ekarriko du astelehenetik aurrera. Beraz, badute zer egin Sakanako txirrindulariek!