Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Joan zen larunbatean Unanura iritsi orduko igar zitekeen ez zela egun arrunta. Sakanako mendizale talde batek Iñaki Otxoa de Olza omentzeko aukeratutako eguna zen. Haien deiari erantzunez, ehunka lagun hurbildu zen goizean goiz Beriainen magalean dagoen herrira. Beriain inurri bideHerrira iritsi aurretik auto errenkada luzeak iragartzen zuen Iñakik jendetza bilduko zuela. Beriainen gora ere jende errenkadak igartzen ziren. Goizean goiz atera ziren batzuk, azken orduan beste batzuk, oinez, lasterka eta bizikletan igo zenik ere izan zen. Baina 12etarako goian zeuden denak, Beriaingo igoeraren erdialdean, hariztiaren argigune batean. Hura izan zen Sakanako mendizaleek Iñaki Otxoa de Olza omentzeko aukeratutako lekua. Lizar berria Beriain bideanTxaro Otxandorenak eman zion hasiera omenaldiari Iñaki Otxoa de Olzari zuzendutako hitzekin: "beste behin ere zurekin bildu gara, Iñaki. Oraingoan, ordea, zuri egokitutako zaizu guri entzutea". Iñakiren diapositiba saio bat bailitzan, musikarekin abiatu zen omenaldia, mendia eta naturarekiko maitasunez hitz egin zuten Etxarri Aranazko abesbatzaren eta Erkuden eta Itziar Floresen doinu eztiekin. Haien atzetik etorri zen omenaldiko unerik hunkigarriena: Harizti arteko argigunean jarritako harrizko monolitoaren ondoan lizar ederra landatu zuten Iñaki Otxoa de Olzaren lagunek. "Sakanako harria da, baina Iñakik horrenbeste maite zituen Himalaiako mendien itxura du" horrela irudikatu nahi izan zuten mendizaleek Iñaki eta gure bailarako lagunen arteko lotura. Hariztiaren erdian landatutako lizar ederrarekin Iñaki Otxoa de Olzak gure artean dirauela irudikatu zuten. Aurresku hunkigarria eskaini zitzaion mendizale iruindarrari.Anaia esker onezIñaki Otxoa de Olzaren familiak ez zuen hitzordua galdu nahi izan. Bere anaia Pablo izan zen haien izenean, osasun arazoak direla eta gurasoek ezin izan baitzuten joan. Sakanako lagunek tailatutako egurrezko pioleta oparitu zituen. Esker hitzak baino ez zituen izan Iñakiren anaiak eta bere anaia ez ezik, mendian bizia galdu duten beste mendizale batzuk ere gogoan izan zituen, Pumurin geratu ziren sakandarrak esaterako. Hasi bezala, musikarekin amaitu zen omenaldi xumea, "Iñakiri gustatzen zitzaizkion modukoa, handikeriarik gabea".