Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pirinioetako azken etapak ezuste atsegina eman zigun. Eguneko ihesean sartuta, Egoi Martinez etxarriarra sailkapen nagusiko goreneraino igo zen, lider postura. Urrezko maillotarekin aterako da gaur etxarriarra. Etaparen bila abiatu eta maillota aukeranVielha atzean utzita, txirrindulariek 200,8 kilometroko etapa luzea zuten Sabiñanigo arte, baina portuak aurreko egunetakoak baino errazagoak ziren, 2. edo 3. mailakoak. Portu horietaz baliatu nahi izan zuen batek baino gehiagok ihes egiteko. Saiakera askoren ondoren, 12 txirrindulariko talde batek lortu zuen ihes egitea. Horien artean zeuden Egoi Martinez eta bere taldekide Alan Perez. Etapan aurrera egin ahala handitzen zihoan tropelarekiko aldea eta Euskaltel taldeko txirrindulariak amesten hasi ziren: sailkapen nagusian Lepheimer liderrarengandik 6:41era zegoen Egoi, eta dagoeneko 7 minututik gorakoa zen iheslarien abantaila. Gainera, bazirudien Astanak, liderraren taldeak, ez zuela maillotaren alde borrokatu nahi. Lasterketaren erantzukizuna beste talde batek izan zezan nahi zuen, Asturiasko mendietara nekatu gabe iristeko.6:41eko tartea mantendu beharMaillota janzteko aukera ikusita, 12ko taldearen buruan jarri ziren Egoi Martinez eta Alan Perez. Gainerako iheslariek etapa helburu bazuten ere, tropelarekiko aldea 6:41etik gora mantentzea zen Euskaltel taldekoen helburua. Lortuko zutela zirudienean hartu zuten sustoa: Astana ez, baina Caisse d´Epargne eta CSC lanean hasi ziren. Contadorren taldeak maillotarekin jarrai zezan nahi zuten Valverde eta Sastreren taldeek. Ia hustu ziren arte tiratu behar izan zuten Egoi Martinezek eta Alan Perezek, azken honek batez ere. Azken minututako urduritasunaSilence taldeko Van Avermaet izan zen etaparen garailea. Ordurako ezer gutxi axola zitzaien Euskaltelekoei etapa garaipena. Alde handiarekin zeharkatu zuten helmuga, baina Valverde eta Sastreren taldeek arriskuan jarri zezaketen Euskaltelen ahalegina. "Tropelaren zain urduri jartzen hasi naiz eta alde egin behar izan dut. Ez dut amaiera ikusi nahi izan" adierazi zuen Egoik guztia amaitu zenean. 6:42ra iritsi zen tropela. Lepheimer-engandik 6:41era zegoen etxarriarra sailkapen nagusian eta 10 segundoko gain-saria hartu zuen tarteko helmugetan. Ahaleginak, borrokak, sufrimenduak, sakrifizioak bere fruitua izan zuen: 11 segundoko aldearekin, Egoi Martinez igo zen atzo podiumaren gorenera, urrezko maillota janztera. Esker hitzakEgoi Martinez pozez txoratzen zegoen guztia amaitu zenean. "Pirinioak pasatakoan Espainiako Itzuliko lider izatea orain 2 urte Burgosen irabazitako etaparen parekoa da niretako" adierazi zuen Etxarrikoak. "Lider naiz ihesaldi ona hartu dudalako, aurreko egunetan denbora gehiegi galdu ez dudalako eta Astanak tiratu ez duelako. Badakit ez dela hau dagokidan lekua, baina horrelako egunetako ilusioetatik bizi naiz" esan zuen helmugan. Etxarrikoak esker hitzak izan zituen taldearendako, Alan Perezendako batez ere, "haren lanari esker jantzi dut gaur maillota" adierazi zuen. 15 urteko historia du Euskaltel-Euskadi taldeak eta hau du lehen maillota hiru asteko itzuli batean. Talde guztiarendako saria izan zen atzokoa. Gainera 7. postuan dago Igor Anton taldeburua, Egoirengandik 2:23ra. "Hura da gure liderra eta haren alde lan egiteko prest nago" esan zuen etxarriarrak. Gainerako sakandarrak tropeleanTropeletik bizitu zuten gainerako sakandarrek Egoiren balentria. 81. postuan zeharkatu zuen helmuga Imanol Erbitik eta 92.ean Jose Luis Arrietak, biak ere, Van Avermaet-engandik 6:42ra. Sailkapen nagusiko 89. postuan dago uhartearra, Egoi Martinez-engandik 47:15era; eta 120.a da Erbiti, 1:03:24ra. Asturiasera bitartean, haizea etsai nagusiAtzo agurtu zituzten Pirinioak. Datorren asteburura arte etapen perfiletan ez da ageri portu gogorrik, baina bestelako oztopoak ez dira faltako. 151,3 kilometroko etapa dute gaur, Sabiñanigo eta Zaragoza artean. 2. mailako Monrepos portua dute etapa hastearekin batera. Hortik aurrera ez dute gorabehera handirik izanen, baina adi ibili beharko dira haizearekin. Sakanako txirrindularitzarendako ere egun handia izan zen atzokoa. Ea gaurkoa ere halakoa den!