Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Horiek izan ziren Egoi Martinezen lehen hitzak Zaragozako helmugara iritsi zenean. Izan ere etapa nahasia izan zen atzokoa. Sabiñanigo atzean utzi eta berehala, 151 kilometroko etaparen hasieran izan zuten gorabehera esanguratsuena: 2. mailako portua. Baina maila honetako itzulian ez dago "trantsiziozko etaparik". Horrelakoetan haizea, urduritasuna, tropelaren pilatzea, ukabilkadak eta erorikoak dira oztopo nagusiak. Zorionez arazo guztiak gainditzeko gai izan zen Etxarri Aranazko txirrindularia eta asteartean lortutako ametsari eutsiko dio beste egun batez. "Ea posible den Asturiasera urrezko maillotarekin iristea" adierazi zuen. Sprintean amaitu zen atzoko etapa eta denak Bonnen, Freire edo Fernandez de Larreari begira zeudenean, Credit Agricole taldeko Sebastien Hinault txirrindulariak eman zuen ezustea. Tropelean zeharkatu zuten helmuga 3 sakandarrek: Egoi Martinezek, Imanol Erbitik eta Jose Luis Arrietak.Sailkapen nagusiko 87. postuan dago Jose Luis Arrieta uhartearra, etxarriarrarengandik 47:15era. Imanol Erbiti, berriz, 117.a da, 1:03:24ra. Atzoko etapa amaitu bezain laster, Errioxarako bidea hartu zuten txirrindulariek. Bertan, Calahorran emanen diote hasiera 11. etapari. Atzokoaren antzera, gorabehera handirik gabeko etapa dute gaurkoa ere, hori bai, luzeagoa, 178 kilometrokoa. Helmugarako 30 kilometroren faltan izanen dute oztopo nagusia: Valmala gaina, 3. mailako portua.Oroitzapen onak ekarriko dizkio gogora Egoiri Burgosko hiriak, bertan irabazi baitzuen 2006an Espainiako Itzuliko etapa bat. Urrezko maillota soinean duela sartuko da aurten hirira eta ea etzi horrela ateratzen den.