Helburua gero eta gertuago

Guaixe 2008ko irailaren 11

Xacobeo taldeko Serafin Martinezek, Andalucia-ko Antonio Lopezek eta Milram-eko José Andrey Grivkok animatu zuten Calahorra eta Burgos arteko 178 kilometroko etaparen lehen zatia. 48. kilometroan 5 minutuko aldea zuten iheslariek, baina ez zen nahikoa izan, sprinterren taldeak garaipen gosez baitzeuden. Egoi Martinezen taldeari etapa helburu zuten taldeak batu zitzaizkioan tropelaren buruan eta, Burgoserako bidean, luze-luze egin zuten tropela. Ahaleginak bere fruitua izan zuen eta esprintean erabaki zen etapa. Garaipena bakarrararendako da ordea. Haren bila abiatu ziren talde eta sprinter guztiak aho bete hortz utzi zituen Oscar Freirek, erakustaldi bikainarekin. 2006an podiumaren gorenera igo zen Egoi Martinez Burgosen, etapa irabazita. Ez zitzaion burutik pasa ere egingo bi urte geroago hiri berean podiuma errepikatuko zuela eta are gutxiago urrezko maillotarekin igoko zela bertara. Etxarriarra gozatu ederra hartzen ari da aste honetan. Taldekideekin ez ezik bere lagunik minenekin ari da ospatzen bere balentria, etapa irteera nahiz amaieretan familia eta lagun andana baititu zain. 12. etaparen atean, bere helburua lortzetik 186,4 kilometrora dago. Burgostik Suanceserako bidean azken bi egunetan baina etapa gorabeheratsuagoa du, 3. mailako Bocos gaina portuarekin eta 2. mailako Portillo de Lunada eta Caracol gainekin. Tarte horretan sailkapen nagusiaren gorenean mantentzen duten 11 segundoko aldeari eusteko gai bada, astelehenean bere buruari ezarri zion helburua beteko du: biharko atseden egunaren ondoren, urrezko maillotarekin igoko ditu Angliruko aldapak.