Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Txirrindularien tropelak begiz jota du larunbateko etapa gogorra, Angliru gainean amaituko dena. Askorendako mugarri izanen da etapa hori: Batzuek egun horren bezperan utziko dute itzulia, munduko lasterketa prestatzeko; beste batzuek aurreko egunetan abiatu dira etapa garaipenaren bila, 13. etapatik aurrera indarrak akituko zaizkielakoan; beste batzuek duten guztia emanen dute Angliruko etapa, itzuliko etapa nagusia irabazteko...Gure txirrindulariek ere buruan dute biharko etaparen garrantzia. Horregatik, astelehen arratsaldean Egoi Martinez podiumaren gorenera igo zenean, helburu hori jarri zion bere buruari: Asturiasera iritsi arte maillotari eustea. Bada, itxura ona eman zuen atzo Etxarrikoak eta lortu zuen bere helburua: Urrezko maillota soinean daramala igoko ditu Angliruko maldak. Euriak etapa gogortu zuenUste baino garrantzi handiago izanen du atzoko etapak 2008ko Espainiako Itzulian. Burgosetik itsas ertzean dagoen Suanceserako bidean mendate eta, batez ere, jaitsiera asko zeuden. Tropelak Casar, Hinault eta Quinziatoren atzetik egin zituen lehen bi portuak, arazo handirik gabe. 3. portuak, Caracolek ordea, ezustea ekarri zuen: Valverde atzean geratu zen. Helmugara iristeko 45 kilometroak ez ziren nahiko izan faboritoen artean zegoen murtziarra tropelean sartzeko. Are gehiago: euripean, eta taldea ordenatu ezinik, 3 minutu baino gehiago galdu zituen.Iheslariak harrapatuta eta Valverde atzean utzita, etaparen lehiak hartu zuen protagonismoa. Helmuga aurreko azken malda gogorrak jokoz kanpo utzi zituen zenbait hautagai. Beste batzuk, berriz, liderra tartean, Contadorrek ezarritako erritmoari eusteko gai izan ziren. Baina batzuek eta besteek Bettiniren nagusitasunaren aurrean makurtu behar izan zuten. 4 segundora zeharkatu zuen helmuga Egoi Martinezek, 11 segundora zuen Lepheimerren denbora berean eta 32 segundora zuen Contadorrengandik 3 segundora. Imanol Erbiti 90. postuan sartu zen, 4:16ra; Jose Luis Arrieta, berriz, 123. postuan, 17:20ra. Sailkapen nagusiko gorenean jarraitzen du Euskaltel-Euskadiko etxarriarrak. Harengandik 1:04:31ra dago Jose Luis Arrieta, 104. postuan, eta 1:07:36ra Imanol Erbiti, 98. postuan.Asteburua lanez lepoAtseden eguna dute gaur txirrindulariek, behar beharrezko atseden eguna datorkiena ikusita. Espainiako Itzuliko etapa gogorrenak ekarriko ditu asteburuak. Bihar, San Vicente de la Barqueran hasita, 209,3 kilometroko etapa beldurgarria dute, bost portu beldurgarrirekin: 3. mailako Ortigueiro gaina berotzeko, 1. mailako Arnicio, Colladora eta Cordal gainak ondoren eta, hori guztia gutxi ez, eta Angliruko malda ikaragarriak etapa amaitzeko. 1.255 metroko desnibela, 13,1 kilometrotan, % 15eko eta % 17ko desnibeleko tarteekin. Hori gainditzeko gai denak, sei mendate izanen ditu zain 14. etapan, igandean, azken biak 1. mailakoak: Colladona eta Fuentes de Invierno eski estazioa.Eta astelehenetik aurrera gehiago, oraindik ere beste aste bat baitute aurretik. Eta zer berrirekin datozen hiru sakandarrak astelehenean!