Lantzeko kanporaketan lehiatuko da Goizeder Beltza

Guaixe 2008ko irailaren 12a

Sakanako Aizkora Eskolak jarraitzen du fruitua ematen eta bi urtez bertan aritu den Goizeder Beltza etxarriarra Euskal Herriko III. Mailako Aizkolari Txapelketan lehiatuko da igandean, irailaren 14an, 17:30ean Lantzen jokatuko den bigarren kanporaketan. Jakina denez, txapelketa abuztuaren 23an abiatu zen Gorritin. Hiru kanporaketa dira jokatzekoak - Gorritin jokatu zena, asteburu honetako Lantzekoa eta irailaren 28an Urrotzen jokatuko dena- eta kanporaketa bakoitzeko lehen bi sailkatuek final handia jokatuko dute Altsasuko Ferietan, urriaren 19an. 13 aizkolari lanean, igandeanAbuztuaren 23ko Gorritiko kanporaketan 13 aizkolari lehiatu ziren, tartean David Amillano. Aizkolari bakoitzak launa kanaerdiko ebaki behar zituen. Denbora onena Aurtizko Ander Erasunek egin zuen (8:50), eta bigarrena Aresoko Asier Pellejero izan zen (9:34). Amillano bederatzigarrena sailkatu zen (12:47), finalean egoteko txartela galduz. Erasun eta Pellejero izanen dira finalean. Igandeko Lantzeko kanporaketan 12 aizkolari lehiatuko dira guztira. Goizeder Beltza etxarriarraz gain, Mikel Belauntzaran, Joxemari Esnaola, Aratz Mugertza, Jokin Alkizalete eta Xabier Alkizalete gipuzkoarrak, Xabier Garitaonandia eta Aitzol Atutxa bizkaitarrak, eta Julen Kañamares, Sergio Mandazen, Juan Telletxea eta Angel Eraso nafarrak ariko dira. Launa kanaerdiko moztu beharko dituzte. Guztiek ahalik eta denbora onena egin nahiko dute baina oso garesti daude finalerako txartelak. Goizeder Beltzarendako ez da erraza izango baina dena ematera aterako da etxarriarra. Ea zortea bere alde duen. Urrotzen jokatuko den hirugarren kanporaketan Etxarri Aranazko Juanjo Erdozia eta Sakanako Aizkora Eskolan ari den Arkaitz Jauregi arabarra lehiatuko dira.