Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sociedad Deportiva Alsasua klubak antolatutako Otadiko Kristo Deuna 39. Pilota Txapelketako finalistak zeintzuk diren badakigu, larunbatean bigarren finalerdiak jokatu baitziren. Gogoratu abuztuaren erdialdean hasi zela txapelketa, eskuz banaka eta binaka jokatzen ari dena. Aurten, nobedade moduan, lehiaketa sistema aldatu zen, eta kanporaketa sistema alde batera utzita hiruna parte-hartzaile zituen bina multzo aritu ziren lehian. Multzo bakoitzeko irabazleak talde buruaren kontra lehiatu ziren finalerdietan. Bada, larunbatean zaletuak poliki bildu ziren Altsasuko Burunda pilotalekuan jokoan zegoen bigarren finalerdiarekin gozatzera. Lehenik eta behin benjamin mailako pilotarien anaiarteko partida jokatu zen, eta Dendariarenak eta Urritzolari 13-18 irabazi zieten Gabirondo eta Palaciosek. 23 urtez azpiko eskuz banakakoan, Irurtzungo A. Galarza eta Uharte Iruñeko Linzoain lehiatu ziren. Linzoain aurreratu zen markagailuan, 1-8, baina Irurtzungoak ez zuen etsi eta erasoan bizkor eta defentsan sendo arituz tantoak egiten haztatu zuen, Linzoainek behera egin eta akatsak egiten zituen bitartean. 18-10 irabazi zuen Galarzak. Eskuz binaka, seniorretan, Baez II.ak eta Lopetegi lakuntzarrek min hartuta dauden Moran eta Okiñena ordezkatu zituzten. Ongi aritu ziren, 22-9 hartu baitzituzten menpean Onsalo eta Cerro altsasuarra. Zaleek gozatu ederra hartu zuten, partida bikaina izan baitzen. Lopetegi lakuntzarra izan zen onena, atzeko koadroetan apenas ez baitzuen pilotarik galdu. Egoera hori baliatu zuen bere kide Baez II.a gipuzkoarrak, jokaldiak primeran errematatuz. Arerioak ez ziren oso fin ibili. Onsalo aurrelariak espero baino akats gehiago egin zituen eta nahiz eta Cerro altsasuarra nahiko ongi aritu, azken zatian behera egin zuen, akatsen bat eta beste eginez. Bukaeran, 22-9 irabazi zuten Baez II.ak eta Lopetegik. Zaleak gustura geratu ziren pilotari gazteek emandako ikuskizunarekin. Larunbatean, 22:30ean, final handiaAltsasuko Burunda pilotalekuak txapelketako final handia hartuko du larunbatean, irailaren 13an, 22:30ean. Altsasuko festetako lehen eguna eta larunbata izanik, giro paregabea espero da frontoian. Lehenik eta behin eskuz banakako finala jokatuko da, bi sakandarren arteko norgehiagoka estuan: Iturrioz altsasuarrak aurrez aurre izanen baitu A. Galarza irurtzundarra. Beste finalean, Urtasun eta Gurrutxagak bikotea osatuko dute Baez II.ari eta Lopetegiri kontra egiteko. Ez dago faborito argirik eta ikusmina handia da.