Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi du EAE-ANV

Guaixe 2008ko irailaren 16a

Berri agentziek zabaldu dutenez, Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko aretoak EAE-ANV legez kanpo uzteko epaia atera du gaur, eta alderdi politikoa desegiteko agindua eman du. Estatuaren abokatuari eta fiskalaren eskariei kasu eginez, auzitegiak ebatzi du EAE-ANVk "Batasunari laguntza eta sostengu politiko-instituzionala eman diola, eta Batasunarekin lotura finantza-ekonomikoa izan duela". Gaur legez kanpo utzi duten alderdia iazko udal hauteskundeetan 3.626 boz jaso zituen Sakanan, hau da botoen % 33,15 eta horrek     41 zinegotzi aulki eman zizkion (zerrendak baliogabetu zituzten Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Ziordikoak barne). Egun berean Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin ziren eta EAE-ANVk 2.467 boz jaso zituen, % 22,11, nahiz eta alderdiaren zerrenda epaitegiek baliogabetua izan.