Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
2008ko Espainiako Itzulitik paregabeko berriak datozkigu Sakanara. Itzuliko lehen astean Imanol Erbiti izan genuen protagonista, erlojupekoan gizon azkarrenekin batera ibili baitzen; bigarren astean Egoi Martinezekin gozatu genuen, egunero podiumaren gorenean urrezko maillotarekin ikusi baikenuen; atzo, 3. astea hasi berri zela, 3. sakandarra, Jose Luis Arrieta izan zen odola pil-pilean jarri ziguna. Saririk gabe utzi zuen Arrieta LlonbillokEtapa zoragarria ikusi ahal izan genuen atzo. Dagoeneko atzean utziak zituzten Asturiasko mendiak, baina aurretik zuten etapa ez zen nolanahikoa. Cudilleron hasi eta Ponferrada arte, 202 kilometroko etapa zuten txirrindulariek eta, tartean, 1. mailako Somiedo mendatea, 2. mailako Corral de los Lobos eta 3. mailako Alto de Ocero. Astanak, liderraren taldeak oztoporik jarri ez, eta 17 iheslarik hartu zuten lasterketaren burua. Izen handiko txirrindulariekin batera, ihesaldian sartu zen Uharte Arakilgo Jose Luis Arrieta. Elkarrekin gainditu zituzten iheslariek etapako mendate gogorrenak. Helmugarako 30 kilometro falta zirela, 3. mailako Alto de Ocero mendatean gora argi ibili zen Ag2r taldeko sakandarra. Erritmoa bizitu eta atzean utzi zituen lagunak. Minutuko aldea atera zien uhartearrak. Baina garaipena eskura ikusten genuenean, ezusteko tranpara eraman zuen ibilbideak: mailakatu gabeko Lombilloko malda gogorretara. Txirrindularitzaren gauzak: 1., 2. eta 3. mailako mendateak gaindituta zituenean, puntu gabeko gain gogor honek utzi zuen garaipenik gabe Jose Luis Arrieta. Uhartearra ezinean zela, Juanma Garatek, Nuyensek, Arroyok eta Garciak aurrea hartu zioten. Lehen 3ak, hasiera batean etapa irabazteko aukera gehien zutenak, elkarri begira hasi ziren eta horrek eman zion garaipena Xacobeo Galicia taldeko David Garciari. Talde txiki batendako merezitako garaipen handia. 2006ko garaipena errepikatu nahianUharteko txirrindulariak orain 2 urte Espainiako Itzulian lortutako balentria errepikatu nahi izan zuen atzo. Ez zitzaion orduan bezain ongi atera atzo, baina hala ere pozik zegoen etapa amaitzean. "Konfiantzarekin nago eta ostiralera arte badut saiakera berriak egiteko denbora" adierazi zuen. 37 urterekin tropeleko beteranoen artean dago Jose Luis Arrieta. Atzo agerian utzi zuen urteek ematen dute ezagutza. Oraindik ere sakandarra gustura dabil bizikleta gainean eta datorren urtean ere Ag2r taldean jarraituko du uhartearrak. Erbiti eta Martinez tropeleanIheslariengandik 14 minutura zeharkatu zuen helmuga tropelak. Bertan sartu ziren beste bi sakandarrak, Imanol Erbiti eta Egoi Martinez, gizon indartsuenekin batera. Arrietarendako ez ezik, Imanol Erbitirendako ere etapa polita izan zen atzokoa, bere taldeak bi kide sartu baitzituen ihesaldian. Tropelari ateratako aldeari esker, 29:07 minutuko aldearekin taldekako lehen postuan dago hiriberritarraren taldea, Caisse d´Epargne. Sailkapen nagusian aldaketarik ezItzuliko liderrak, Contadorrek erorikoa izan bazuen ere, sailkapen nagusian ez du ondorio kaltegarririk izan. Harengandik 8:56ra dago Egoi Martinez, 8. postuan; Jose Luis Arrieta 68.a da, 1:13:14ra; eta Imanol Erbiti 112.a, 1:54:55era. Gaurko etapaPonferradan emanen diote hasiera gaurko etapari, malda gogorrarekin hasi ere, 16. kilometrorako 1. mailako mendatearen gainean, Acebo gainean egonen baitira. Hura gaindituta, Zamora arteko 172 kilometroetan ez dute gorabehera handirik izanen.