Rural Kutxa Goierriko podiumean

Guaixe 2008ko irailaren 16a

Eliteko eta 23 urtez beherako txirrindulari afizionatuak Goierriko errepideetan gora eta behera ibili ziren joan zen asteburuan, denboraldiko azken biraren lehian. Bertan izan ziren, besteak beste, Sakanako Rural Kutxako txirrindulariak, Xabier Zabalo olaztiarra tartean, eta Bidelan-Kirolgi taldean dabilen Patxi Mundiñano etxarriarra. Lan politta egin zuen Rural Kutxako Hector Espasandikek larunbatean, lehian zegoen lehen etapan. 2. eta 3. mailako mendateak gaindituta, bera izan zen Azpiru taldeko Fabricio Ferrariren erritmoari eusteko gai izan zen bakarra. Zumarragako helmugan ordea, 18 segundoko aldea atera zion Azpirukoak. Igandean, Urretxuko etapan, aurreko egunean lortutako abantailari eutsi zion Azpiru taldeak. Ihesaldiak egon baziren ere, ez zitzaien denbora egiten utzi. Eizaga, Atagoiti eta Santa Barbararen igoerak gaindituta, 25 txirrindulariko taldeak ekin zion azken mendate honen bigarren igoerari. Cosaor taldeko Jose Belda izan zen helmugan azkarrena. Baina aurreko eguneko abantailak podiumaren gorenera igo zuen Ferrari eta hurrengo mailara, bigarrenera Rural Kutxako Hector Espasandin.