Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orain arte Olatzen jokoan izan den Eguesibarreko Duatloiak Sarrigurenerako bidea hartu zuen 9. edizioan. Kirolariek 6 kilometroko lasterketarekin eman zioten hasiera ibilbideari, 25 kilometro egin zituzten ondoren bizikleta gainean eta, amaitzeko, beste 3 kilometro lasterka. Hiruki-Valle de Egües Triatloi taldeak zailtasun berezia eman nahi izan zion probari eta bizikletan bata bestearen babespean joatea debekatu zuen. Neurri horrek, ibilbide gogorrak eta haizeak txirrindulariei egin zien mesede. Ez zuen areriorik eduki Ana Casaresek. 1:22:14ko markarekin 5 minutuko aldea atera zion bigarrenari, Eva Bustori. Gizonezkoen artean biziagoa izan zen lehia. Lasterka Raul Amatriain eta Garin nagusitu baziren ere, bizikleta gainean aurre hartuta, Patxi Urizar izan zen garailea (1:11:06). Sakandarrei dagokienez, 28. postuan zeharkatu zuen helmuga Sakana Triatloi Taldeko Mikel Lakuntzak (1:21:03) eta 33. izan zen Juan Luis Maiza (1:22:45).