Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Sesmak Estatu Espainiarreko Inertzia Jolasen Openeko finala hartu zuen. Estatuan barna bost proba jokatzen dira eta horietako azkena izan zen Sesmakoa. Ostiralean eta larunbat goizean entrenamenduak izan ziren eta larunbat arratsaldean jokatu zen final handia. 90 goitibehera izan ziren Sesman prestatutako zirkuitu zoragarrian lehiatu zirenak, hainbat kategoriatan: pneumatikak, errodamentuzkoak, golfo, gravity bike, patinak eta street luge. Parte hartzaileen artean gazteenak 6 urte zituen eta edadetuenak 65 urte, eta nahiz eta goitibehera gehienak nafarrak izan, Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetatik, Galiziatik, Madrildik, Leondik eta baita ere Frantziatik etorritako goitiak aritu ziren Sesman. Goitibehera bakoitzak entrenamenduzko jaitsiera eta bi manga egin behar izan zituen. Sesmako kaleak jendez lepo zeuden eta giroa zoragarria zen; gainera, ez zen istripurik gertatu. Antolatzaileak ere bikain aritu ziren, asteburu guztiko lasterketak bikain antolatu baitzituzten eta dutxez hornitutako primerako kanpaldi gunea prestatu baitzuten. Eneko onena Golfo-3 kategorianG1 neumatikoen kategorian Aizarozko Alberto Fernandezen "Katanga" goitia izan zen onena (1.00:953). Bera izan zen azkarrena Sesman eta Estatuko Inertzia Jolasen Opena bereganatu zuen. Olaztiko Sergio Galbetek eta Alvaro Etxarrik gidatzen duten Larratxota goitibehera seigarren tokian sailkatu zen Sesman (1:02:765), lan ederra egin eta gero. Irurtzungo Aitor Belloren eta Pedro Mitxausen Musgo Racing 19.a izan zen (1.20:781). G2 neumatikoen mailan Johnny Kart izan zen azkarrena (1.03:047), eta errodamentuetan Biturbo nafarra (1.29:141). Zura kategoriako lehen goitia Woody izan zen (1.28:454), Gravity bike kategoriakoa Piquero (1.02:656) eta street lugekoa Asier (1.14:563). Jaitsiera patinajean Classic Rollers izan zen onena (1.03:140) eta txiki kategorian Orkatz (2.41:547). Aipatzekoa da Golfo-3 modalitatean Arbizuko Eneko Jimenez Berastegik lortu zuela garaipena Sesman, "Eneko" goitibeherarekin (1.14:015). Estatuko Inertzia Jolasen Openeko azken sailkapena kontuan hartuta kategoria bakoitzean sailkatu diren lehen hiru goitibeherek Ibizako Sant Antonyn jokatuko den lasterketan parte hartzeko txartela lortu dute. G1 neumatikoen mailan Katanga izango da onena, eta Larratxota olaztiarra ez da lehenengo hiru taldeen artean sailkatu. Hortaz, Ibizako lasterketatik kanpo geratu dira sakandarrak. Aldiz, Golfo-3 modalitatean Goma-2 izan da irabazlea, baina "Eneko" bigarren sailkatu da. Hortaz, Eneko Jimenez arbizuarrak Ibizan aritzeko txartela lortu du. Informazio gehiago: www.fedei.com edo www.zonagravedad.com.