Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Horrela deskribatu daiteke Espainiako Itzuliko 16. etapa. Malda bakarrak apurtzen zuen Ponferrada eta Zamora arteko 172 kilometroko etaparen lautasuna: 1. mailako Acebo mendateak. Oztopo bakarra eta hori etaparen 16. kilometroan, txirrindulariak oraindik hotz zeudenean. Horren aurrean eta itzuliko 15 egun atzean zituztela, txirrindulariek lasai hartu zuten atzoko etapa. Horren lasai, aurre ikusi baino ordu bete geroago iritsi zirela etapara. Tropelaren patxadaren aurrean, Andaluzia Cajasur taldeko Jesus Rosendo eta Tinkoff-eko Walter Pedraza izan ziren eguneko lehen protagonistak. Bakar-bakarrik zeharkatu zituzten Zamora bideko Gaztelako bide lauak, bakarrik eta irabazteko esperantzarik gabe, jakin baitzekiten etapa amaieran esprinterren taldeak lanean hasiko zirela. Horrela egin zuren Quick Stepek eta Liquigasek. Azkenean, amaiera ezin hobea eman zion Tom Bonnen-ek talde lan bikainari eta berarendako izan zen garaipena. Bere denbora berean zeharkatu zuen helmuga Egoi Martinezek; 23 segundora sartu zen Imanol Erbiti eta 39ra Jose Luis Arrieta. Sailkapen nagusia bere horretan geratu da: Contador da liderra; 8. postuan dago Egoi Martinez, harengandik 8:56ra; 66.a Jose Luis Arrieta, 1:13:53ra; eta 108.a Imanol Erbiti, 1:55:18ra. 17. etapa dute gaur, 148,2 kilometrokoa, Zamora eta Valladolid artean. Gaurkoa ere nahiko laua bada ere, atzoko atsedenaren ondoren, lehia gehiago espero da gaur. Are gehiago, itzulia amaitzear den honetan, zenbait taldek garaipena eskuratzeko aukera gutxi dutela jakinda.