Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ikasturte berriarekin batera, hasi da Sakanako Mankomunitateak Sakanako ikastetxe guztiekin batera kudeatutako neguko igeriketa ikastaroa. Guztira Lehen Hezkuntzako 2. mailako Sakanako 248 ikasle ariko dira igeriketa ikasi edo hobetze lanetan. Klaseak Arbizuko kiroldegian eta mustutzear dagoen Altsasuko kiroldegian izanen dira. Arbizuko kiroldegiko ikastaroak martxanSakanako Mankomunitateak antolatzen ditu ikasleak kiroldegietara eramateko autobusak, klaseen ordutegiak, haur kopurua... Finean, gestio guztia Mankomunitateko Kirol Zerbitzuko teknikariek egiten dute. Igeriketa monitoreak, baina, Arbizu eta Altsasuko kiroldegietakoak izango dira. Arbizuko kiroldegiko neguko ikastaroa da abian dagoena, irailaren 10ean hasi baitzen. Hortaz, Irurtzungo Atakondoako, Lakuntzako Luis Fuenteseko, Andra Mari ikastolako eta Etxarri Aranazko San Donato ikastetxeko 7-8 urteko ikasleek bigarren astea daramate igeriketa ikastaroan. Eskola ikastaroa denez, ikastaroa klase ordutegian ematen dute. 10:00etatik 15:50era Atakondoakoak aritzen dira, 10:50etik 11:40era San Donato eta Luis Fuentes ikastetxeetakoak, eta 11:40etik 12:30era Andra Marikoak. "Ikastetxe bakoitzeko haurrak hiru multzotan banatzen ditugu: hasi berriak, ertainak, eta maila handiagoa dutenak, eta maila bakoitzari dagokion igeriketa hastapen edo hobetze ikastaroa eskaintzen diegu" dio Mankomunitateko kirol teknikari Nerea Martinezek.Ikastaro hauek intentsiboak dira, hau da, 50 minutuko 16 saio eginen dituzte urriaren 1era arte. Hortaz, astelehenetik ostiralera bitartean Arbizuko igerileku estalian ariko dira lanean. Hasierako eta amaierako ebaluazioa izanen dute haurrek, eta bukaeran kolorezko zalditxoak jasoko dituzte opari. Altsasuko kiroldegia zabaltzean hasiko dira besteakUharte Arakilgo, Iturmendiko, Urdiaingo eta Olaztiko ikastetxeetako ikasleek bi urtean behin egiten dute neguko igeriketa ikastaroa. Uharte Arakili, Iturmendiri eta Urdiaini aurten atseden hartzea tokatzen zaie, baina Olaztiko gaztetxoek igerilekua dute zain. Olaztiko Domingo Bados ikastetxekoek, Altsasuko Zelandi, Korazonistak eta Iñigo Aritza ikastolakoekin batera, aurki mustuko den Altsasuko kiroldegian eginen dute neguko igeriketa ikastaroa. "Oraindik ez dakigu noiz zabalduko den kiroldegia, eta, hortaz, ez dakigu noiz hasiko diren igeriketa ikastaroak. Baina Lehen Hezkuntzako bigarren mailakoak ez dira igeri egin gabe geratuko; datak zehaztu bezain pronto hasiko dira lanean" gaineratzen du Nerea Martinezek.