Esprintean erabaki zen Gaztelako zelai lauetako etapa

Guaixe 2008ko irailaren 18a

Astearteko "atseden" egunaren ondoren, lanerako prest atera ziren bideberrira atzo txirrindulariak. Etapa laburra zuten, 148,2 kilometrokoa, eta Zamora eta Valladolid arteko zelai lauetan, ia oztoporik gabea. Ez zen zaila iragartzea etapa esprintean erabakiko zela. Hala ere, eguneko protagonista izateko ahalegina egin zuten Rabobank taldeko Pedro Horrillok eta Andalucia Cajasur taldeko Jose Ruiz-ek. Tropelari 8 minutuko aldea ateratzera iritsi ziren, baina iheslarienak egin zuen Euskaltel eta Silence taldeak tropelaren buruan ziztu bizian jarri zirenean. Hain zuzen ere tropela iheslariak irenstear zegoela, helmugatik 20 kilometrora, oztopo berriarekin egin zuen topo txirrindulariek: haizearekin. Tropela zatitu egin zen ondorioz eta esprintean aukera handiak zituzten batzuk, Tom Bonnen edo Zabel esaterako, atzean geratu ziren. Nahasketa une hori probestu nahi izan zuen Imanol Erbiti hiriberritarrak tropela ezustean hartu eta ihes egiteko. Lortuko zuela zirudien, baina azkenean harrapatu egin zuen tropelak. Helmugan, esprinterretako izarrik gabe, argia ikusi zuten esprinter "txikiek". Normalean Bonnen-endako lan egiten duen Quick Step taldeko Weylandt-ek irabazi zuen. Hiru sakandarrek irabazlearen denbora berean zeharkatu zuten helmuga. Sailkapen nagusian aldaketarik ez17. etaparen ondoren, bere horretan jarraitzen dute sailkapen nagusiko postu garrantzitsuenek. Contadorrek jarraitzen du lider; 8:56ra, 8. postuari eusten dio Egoi Martinezek; 65.a da Jose Luis Arrieta, 1:13:53ra; eta 107.a Imanol Erbiti, 1:55:18ra. Atzokoaren antzera, gaurko etapa ere ez da oso luzea izango. 167,4 kilometro izanen ditu, Valladolid eta Las Rozas artean. Oso laua izanen da etaparen lehen erdia. 80. kilometrotik aurrera hasiko dira gora beherak, 3. mailako Los Leones mendatera arte. Hortik aurrera, maldan behera helmugara arte.