Euskara hedabideetan erabiltzeko dirulaguntzak bloketuak ditu Gobernuak

Guaixe 2008ko irailaren 15a

Guztira Nafarroako Gobernuaren aurrekontua 150 milioi euro murriztu da, eta kopuru horretatik ia 700.000 euro Euskarabideari dagozkio. Kontuan hartu behar da Euskarabidearentzat lau milioi euro zeudela aurreikusiak, horietatik 310.000 euro hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko eta beste 40.000 informazio teknologia berrietan euskara indartzeko. Erabat kezkagarria da. 2008ko aurrekontuen murrizketa %14,5ekoa da euskararen arloan, Gobernuak Hezkuntza Departamentuan aplikatu duena baino ia 4 aldiz handiago. Euskara kudeatzeko sortu zuen Nafarroako Gobernuak Euskarabidea, hasieran Euskararen Nafar Institutua (ENAI) deitua. 2007ko irailean izan zen hori. Baina sortu eta urte erdira krisian murgildu da. Batetik, erakundeko Aholkularitza eta Ikerketa zuzendaria izan zena, Mikel Aranburu, kargutik kendu dutelako  eta bestetik, aurrekontuak %14,5 murriztu direlako. Nafarroako Gobernuaren beste sailek ere murrizketa jasanen dute, baina ez dute denek era berdinean antzemanen. Hezkuntzan aurreikusi den batez besteko murrizketa baino ia lau aldiz haundiagoa da euskararen erakundeari dagokiona. Beste kasuetan %4koa da murrizketa, eta Euskarabidearen kasuan %14,5. Euskarabideko funtzionarioen soldatak osatzen du erakunde horrek duen aurrekontuaren partidarik handiena. Egia da, euskararen arlo zehatz batzuetara bideratutako laguntzak emanen direla - udalentzako dirulaguntzak (550.000 euro), gau eskolentzako laguntzak (510.000 euro), eremu erdalduneko ikastoletara bideratutakoak (154.714 euro), argitalpenak... - baina beste asko blokeatuak daude, eta tartean dago euskarazko hedabideentzat aurreikusitakoa.Nafarroako hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko 310.000 euroko laguntza zegoen aurreikusia, eta horrez gain, informazio teknologia berrietan euskara indartzeko beste 40.000 euroko iragarriak ziren. Baina 350.000 euroko horiek blokeatuak daude momentu honetan. Euskarabideako zuzendari eta kudeatzailea den Xabier Azanzak aste honetan adierazi duenez, hedabideei dagokien diru-laguntza deialdia hil honen akaberarako edo hurrengoaren hasierarako egiten saiatuko omen dira. Ez du ziurtatu aurreikusitako diru kopuru osoarekin izanen den. Gainontzean, Azanzak bere adierazpenetan argitu du orokorrean aurreikusia zuten guztia egiten saiatuko direla, baina guztia murrizketa kontuan izanda. Hezkuntza Departamentuan aurrekontu murrizketaren inguruko argibideak ostegunean emanen ditu kontseilariak Nafarroako Parlamentuan, Ezker Batuak hala eskatuta.Bilakaera        Aurtengo kasua alde batera utzi, eta 1999az geroztik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzek izan duten bilakaerak ere merezi du aipamenik. Euskarazko aldizkariei emandako diru-laguntza ez da handitu. Alderantziz, murriztu egin da urtetik urtera. Eta hori ez da euskararentzako berri ona. Laguntza behar dute euskaraz lan egiten duten komunikabideek, baina agintariek ez dute horren aldeko apusturik egiten. Datuak nahiko adierazgarriak dira. Joan den urtean, gaztelaniazko hedabideei 1999an baino 55.303,45 euro gehiago eman zizkioin Nafarroako Gobernuak; euskarazkoek, aldiz, 1999an baino 34.436,01 euro gutxiago jaso zuten iaz. Bierrik Elkarteak kudeatzen dituen komunikabideen kasuan bi aldeak ikus ditzakegu. 9 urteko tartean Beleixe Irratiarendako laguntza 11.000 eurotan hazi den bitartean, Guaixe aldizkarira bideratutakoa 400 euro eskas hazi da. Kontuan izan behar da 1999an Guaixe hilero ateratzen zela eta gaur egun astero dagoela kalean. Elkarteak egindako ahaleginak ez du pareko babesik izan.