Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi du EAE-ANV

Guaixe 2008ko irailaren 17a

Epaileek ebazpena argitaratu ez badute ere auzitegiko presidenteak jakinarazi zuen alderdia desegitearekin eta haren jardueraren etetearekin batera, EAE-ANVren ondasun guztiak Espainiako Estatuaren esku geldituko direla. Astearteko erabakiaren aurretik, otsailaren 8an, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek alderdi ekintzailearen jarduna 3 urterako eteteko agindua emana zuen. Orduz geroztik hautetsi ekintzaileek kargu publikoak mantentzeko eskubidea dute, baina ordezkari independente edo loturarik gabekoak balira bezala, sekula ez EAE-ANVren ordezkari gisa.SakanaLegez kanpo utzi duten alderdiak iazko udal hauteskundeetan 3.626 boz jaso zituen Sakanan, hau da, botoen % 33,15 eta horrek 41 zinegotzi eman zizkion (zerrendak baliogabetu zituzten Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Ziordikoak barne). Bi alkatetza ere eskuratu zituzten ekintzaileek, Lakuntzakoa eta Arbizukoa. Horretaz gain, Sakanako Mankomunitatean 8 ordezkari ditu alderdiak. Iaz ere Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin ziren eta EAE-ANVk 2.467 boz jaso zituen, % 22,11, nahiz eta alderdiaren zerrenda epaitegiek baliogabetua izan.  Espainiako Auzitegi Gorenak alderdia desegiteko erabakiak zinegotzi ekintzaileen udal taldeei nola eragiten dien ikusteko dago orain. Bitartean ezker abertzaleko kideek aurreratu dute "legez kanporatzeen eta oztopoen gainetik, nazio eta gizarte eraikuntzaren alde lan politikoa egiten jarraituko" dutela.