Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hezkuntza Departamentuaren programa horren bidez ikasle nafarrak "atzerriko herrialde batean, bere esparru guztietan, benetan eta erabat integratzeko aukera da". Bide batez ingelesa ikasteko aukera ederra ere badela dio hezkuntza arloko administrazioak. 160 plaza atera zituzten eta plaza hartu duten ikasleek familia batekin bizitzeaz gain, hango ikastetxe batean, pareko mailan, ikasten jarraitu behar dute. Aurreko ikasturtean DBHko 4. maila ikasi eta aurten Nafarroako ikastetxe batean ikasten jarraitzen duten ikasleak dira Kanadan daudenak. Horrekin batera, plaza eskuratzeko gutxieneko kalifikazioa eskatu diete parte hartzaileei, bai espediente akademikoan baita ingelesaren ezagutzan ere. Eskaera egin eta onartuak izan diren sakandarrak honakoak dira: Aralarko Mikel Donea institutuko Ivan Mendinueta Gabirondo eta Arrate Arizkorreta Aldasoro. Andra Mari ikastolako Maialen Maiza Ledesma, Ioana Lopez Berastegi eta Oihane Igoa Nazabal. Guztiak ere hilaren hasieran hartu zuten Kanadarako bidea eta lastailaren aurreneko egunean itzuliko dira. Azaroaren batean bueltatuko da etxera, berriz, ikastolako ikasle den Nerea Reparaz Beaskoetxea. UdaIkasturte hasieran atzerriko herrialde batean hizkuntzak ikasteko aukera dagoen moduan, gauza bera gertatzen da uda sasoian. Hezkuntza Departamentuak deialdia egin zuen udan atzerriko familia batekin egon eta bide batez hizkuntza ikasteko aukera emateko. Aurreko deialdian bezala baldintza batzuk bete behar zituzten interesatuek. Aukera horretaz baliatu dira Aralarko Mikel Donea institutuan batxilergoko 1. maila egiten ari diren 4 ikasle: Erkuden Senar Oiarbide, Jasone Gonzalez Somocurcio, Ainara Orabengoa Elizondo eta Ania Irazoki Zeberio. Guztiak Kanadan egon ziren. DBHko 4. mailako ikasleendako eskaintza ere egin zuen Hezkuntza Departamentuak eta hori baliatu zuten institutuko 3 ikaslek: Javier Aiestaran Perez, Maria Lanz Azpilikueta eta Ainhoa Goikoetxea Pozueta. Aurrenekoa Amerikako Estatu Batuetan egon zen eta beste biak Kanadan. Herrialde horretan ere egonaldia egin zuen Sagrado Corazon ikastetxeko Natalia Cerezo Urizek.