Zinegotziek kobratzen dituztenak dietak dira, ez gastuak

Guaixe 2008ko irailaren 18a

Dietak beharrean zinegotziek euren udal jarduerarengatik PFEZ gabeko gastuak kobratzea ez zuten egoki jo Blaca Arzak eta Rosa Mª Igoak eta gora jotzeko helegitea aurkeztu zuten. Nafarroako Administrazio Auzitegiak gaia aztertu eta ebatzi du zinegotziek euren udal jardueragatik jasotzen dituzten dietak gauza bat direla eta, beste gauza bat dela jardun horrek sortzen dizkien gastuak eta horien kobraketa. Ebazpenean epaileek diote "zerga ondorio ezberdinak dituzten kontzeptu ezberdinak direnez udalak ezin dio baten errejimen juridikoa besteari ezarri". Udalak bere defentsan azaldutako argudioak ez ditu ontzat hartu auzitegiak, haren ustez "udal hautetsiei sortzen zaizkien eta kobratzen ez dituzten gastuak (telefonoa, ibilgailua...) ordaintzeko zuzena ez den bidea erabiltzen da eta, gainera, ez du ziurtatzen zinegotziek kalte ordaina jasoko dutenik". Hori dela eta, auzitegiak bertan behera utzi du udalak hartutako erabakia. Ebazpen horren kontra Administrazioarekiko Auzien Epaitegian helegitea aurkeztu daiteke. Udalean galdetuta gaia aztertu behar dutela erantzun digute.