Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azken txanpan dago 2008ko Espainiako Itzulia, baina ikusia dago azken egunera arte ez direla amaituko sakandarrendako pozak. Egoi izan zen joan zen asteko gure izarra eta 3. astea hastearekin batera, pasa den astelehenean Arrietak eman zigun garaipenaren esperantza. Hori guztia gutxi ez eta atzo, irailaren 18an, itzuliko 18. etapan, beste sakandar bat igo zen podiumaren gorenera: Imanol Erbiti. Ez dugu nolanahi ahaztuko 2008ko itzuli hau.18 lagunen ihesaEz zen erraza izan atzo tropeletik ihes egitea. Itzulia amaitzear dagoen honetan, talde asko dira oraindik ere etaparik irabazi ez dutenak eta inor ez zegoen aukera galtzeko prest. Ezohiko irudia utzi zuen horrek lasterketa buruan: ihesa sortu zen, baina ohi baino handiagoa, talde gehienetako kideek osatutako 18 txirrindulariko tropeltxoa. Bettini, Flecha, Kroon edo Van Avermaet-en bezalako izen handiko txirrindulariekin batera sartu ziren ihesean Imanol Erbiti eta bere taldekide Txente García. Las Rozaseko helmugara gerturatu ahala, bizitu egin zen lasterketa buruko 18 horien arteko borroka. Inork ez zuen etapa irabazteko aukera galtzea nahi eta, klasika bat bailitzan, bata bestearen atzetik etorri ziren ihes saiakerak. Denak indartsuenen gurpilei begira zeudela probestuz, ihes egitea lortu zuten David Herrerok, eta haren atzetik Kiriyienkak, Rochek eta Erbitik. Parez pare ibili ziren azken biak esprintean, baina, azkenean Erbitirendako izan zen etapa. Garaipen paregabearekin estreinatu du Hiriberrikoak bere ibilbide profesionaleko palmaresa. Tropel nagusian zeharkatu zuen helmuga Egoi Martinezek eta Jose Luis Arrietak, Hiriberrikoarengandik 7 minutu pasara. Egindako lanaren sariaBesoak altxatu ere ez zituen egin Hiriberrikoak helmugan: "ia ziur nengoen lehena izanen nintzela, baina ez nuen arriskatu nahi izan". Baina helmugan erakutsi ez zuen poza hori pasatu eta garaipena berea zela ziurtatzean lehertu zen. "Ezin dut sinetsi. Orain arte egindako lanaren saria da" zioen pozaren pozez. Ihesean ondoan izan zuen taldekideari eskaini zion garaipena "Txenterena da garaipenaren erdia" esan zuen. Izan ere ez da garaipenetara ohitua dagoen gizona. Maila handiko txirrindularia da Hiriberrikoa da. Horren adierazle, bere 24 urterekin dagoeneko laugarren denboraldia duela hau profesional mailan. Baina beste sakandarrak bezala, Erbiti ere bere taldeko liderrendako lan egitera ohitua dago. Lan handia bai, baina ezkutuko lana. Lau urteko lanaren ondoren, azkenean atzo iritsi zen saria. Palmaresa estreinatzeko modu ezin hobea. Orain arteko bideari eusten badio etorriko dira garaipen berriak ere, izan ere, bere taldeko zuzendari Eusebio Unzueren esanetan, "ikasteko gogo handia du eta berehala irudikatzen du lasterketan egin beharrekoa". Nafarroako azken 3 garaipenak sakandarrenakBi urte egin behar ditugu atzera nafar bat Espainiako Itzuliko podiumean: 2006ko itzulian izan zen eta, bakarraren faltan, bi nafartarrek irabazi zuten etapa. Bi nafartar, eta biak ere sakandarrak: Egoi Martinez eta Jose Luis Arrieta. Bi urte geroago Erbitirena izan da balentria. Bihar erlojupeko erabakigarriaItzulia amaitzeko hiru etapa falta direnean, Contadorren jarraitzen du urrezko maillotarekin. Sailkapen nagusiko lehen hamarren artean jarraitzen du Egoi Martinezek, 8. postuan zehatz mehatz, liderrarengandik 8:56ra. 66. postuan dago Jose Luis Arrieta, 1:14:04ra; eta 101.ean Imanol Erbiti, 1:47:29ra. Azken hiru etapek eman dezakete oraindik zer esana. Madrileko mendiak izanen dira gaurko protagonistak. Las Rozas eta Segovia artean, 145,5 kilometroko etapa dute. Tartean, 1. mailako bi portu: Navacerrada eta Navafría. Eta igoera bakarrarekin gutxi ez bada, bihar ere Navacerrada gainditu beharko dute, oraingoan banaka. 17,1 kilometroko erlojupekoa izanen da. 21. etaparekin, Madrilen despedituko da 2008ko Espainiako Itzulia, Sakanako txirrindulazaleek gogoan izanen duguna.