Igandean Ergoienari buelta, korrika

Guaixe 2008ko irailaren 19a

Ergoienako Udalak antolatuta, igandean, irailaren 21ean jokatuko da Ergoienako III. Bira. Aurtengo ibilbideak Lizarraga izanen du abiapuntu eta helmuga, baina tartean Dorrao eta Unanutik pasako dira. Proba goizeko 11:30ean hasiko da, baina korrikalariek  ordu bete lehenago egon beharko dute han izena emateko. Nolanahi ere, aurreinskripzioak ere www.herrikrossa.com web gunean egin daitezke. Ibilbideak guztira 8,5 km gorabeheratsu hartuko ditu. Dorrao eta Unanu arteko porlanezko pista eta Unanu eta, Lizarragarako norabidean dagoen errota zaharraren arteko kaskailu zatia izan ezik, ibilbide guztia asfaltatuta izanen da. Kontuan hartu behar da ere Ergoienako IV. Bira Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak sari nagusirako baliagarria dela.Banaka edo bikoteka, sari gozoakBanaka edo bikoteka parte har daiteke lasterketan, bikoteko 10 euro ordaindu beharko dira eta banakako izen-emateak, berriz, 8 euro balio du izena igandean bertan ematen bada eta 6 euro aurretik www.herrikrossa.com web gunean inskripzioa eginez gero. Sariei dagokienez, irabazleak 125 euro eskuratuko ditu, 2. postuan amaitzen duenak 100 euro eta 3.ak 75 euro. Helmugaratzen lehena den bikoteak 125 euro eta afari bat irabaziko du. Era berean, ergondar azkarrenak ere trofeoa jasoko du. Bukatzeko, parte hartzaileen artean Ergoienako produktuz osatutako lote bat zozketatuko da.Sakanako IV. Atletismo Kopa abianErgoienako Birarekin abiatuko da Sakanako Mankomunitateak eta Dantzaleku Sakana Atletismo Taldeak antolatutako Sakanako IV. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria, azken honen babesarekin. Helburua Sakanan dagoen atletismo zaletasuna indartzea eta Sakanako lasterketetan sakandarren parte-hartzea bulkatzea da.Hurrengo lasterketek puntuatuko dute Sakanako IV. Atletismo Kopan: maiatzaren 17an Iturmendin jokatu zen IV. Aitzkozar Herri Krosak, igandeko Ergoienako Birak, urriaren 26ko Lakuntzako XII. Herri Lasterketak, azaroaren 16ko Sakanako VII. Herri Lasterketak, eta abenduaren 31ko Altsasuko San Silvestreak.Lasterketa hauetako Sakanako 10 hoberenek puntuatuko dute, gutxienez Sakanan urte bat erroldatuta daramatenek, 10 neskek eta 10 mutilek, eta gutxienez aipatutakoetatik 4 lasterketatan aritu beharko dira Kopa eskuratu ahal izateko.Sakanako Kopako sariei dagokienez, lehenengo neska eta mutilek 80 euro kirol materialean eta trofeoa eskuratuko dituzte; bigarrenek 60na euro kirol materialean eta trofeoa; eta hirugarrenek 40na euro kirol materialean eta trofeoa. Gainera, proba guztietan parte hartzen dutenen artean sari berezi bat zozketatuko da.