Etxarri Aranatzek goian egon nahi du

Guaixe 2008ko irailaren 19a

Asteburu honetan abiatuko da 2008-2009 denboraldiko Erregional mailako futbol liga. 4 multzotan banatuta jokatuko da, eta Sakanako taldeak III. multzoan ariko dira. Bi ordezkari sakandar izango ditugu: Etxarri Aranatz taldea eta Altsasu taldea. Etxarri Aranazko taldeko presidente Asier Ijurrak azaldu digunez, taldearen aurtengo helburua goian egotea izango da. Gogoratu behar da iaz Etxarri taldeak lan bikaina egin zuela, Preferente mailara igotzeko ligaxka jokatu baitzuen. Baztan eta San Ignazio izan ziren Preferentera igotzea lortu zutenak, eta Etxarrik 7. postuan amaitu zuen igoera ligaxka, igoera postuetatik urruti. Hala ere, txalotzeko moduko lana eginez despeditu zuten denboraldia. "Talde dexentea, polita da aurtengoa, eta goian egotea da helburua; aukerak baditugu, igoera fasea jokatu, eta ahal bada, igo" dio presidenteak. Iazko taldeak jarraitzen duEtxarri Aranatz taldea ez da iaztik asko aldatu. "Jokalari gehienek jarraitzen dute, hiru berri izan ezik. Denak sakandarrak dira, bi iruindar salbu" azaldu du Asier Ijurrak. Jokalari berriak Adrian Agirre, Xabier Arratibel eta Migel Javier Moreno dira. Bigarren urtez jarraian Iruñeko Oscar Larrea izango da taldeko entrenatzailea, eta jokalari gehienak aurretik ezagutzen zituenez, ez da ia zerotik hasi beharko. Hiru jokalari berriak taldean uztartzea eta taldea sortu eta mantentzea izanen da bere egiteko nagusiak. Entrenamenduak San Donato futbol zelaian egiten dituzte, asteartetan, ostegunetan eta ostiraletan, 19:30etik aurrera. Aurten 12.000 euroko aurrekontua erabiliko du Etxarrik. Diru iturri nagusiak bazkideen kuotak, publizitatea eta laguntza ematen duten babesle eta esponsorrak, Etxarri Aranazko Udala barne, eta Osasuna taldeak emandako diru-laguntza dira, Etxarri Aranatz Osasuna taldearen filiala baita. Horri guztiari partida ikusteko kobratzen diren sarrerak, partida egunetan zozketatzen duten urdaiazpikoa eta futbol zelaian jartzen duten tabernatik ateratakoa gehitu behar zaio. Handik eta hemendik ahalegina eginez, Etxarriko zuzendaritzak zenbakiak lotzea lortzen du. Jakina, honi guztiari futbol taldeko zuzendaritzak egiten duen amaigabeko lana gehitu behar zaio: San Donato futbol zelaia eta instalazioak mantendu, futbol materialaz arduratu, taberna eta beste martxan jarri, diru kontuak eraman...Lehen aurkaria: Castillo de TiebasEtxarri Aranatzek etxean jokatzen dituen partidak larunbatean jokatuko ditu. Bada, hain juxtu ligako lehen partida larunbat honetan jokatuko du Etxarrik, etxean, 17:30ean, San Donato Zelaian, Castillo de Tiebas taldearen kontra. Hain zuzen ere Etxarriko presidenteari arerio latzenak zein izango diren galdetuta, Castillo de Tiebas jotzen dute horietako bat, eta aipatutakoaz gain Infanzones, UPNA, Altsasu, Bidezarra.... "Baina oso zaila da jakitea zeintzuk ibiliko diren ondo" ondorioztatzen du Asier Ijurrak. Hortaz, arerio gogorrarekin abiatuko du liga Etxarrik. Altsasuren aurkaria: IdoiaAltsasu taldea da Erregional mailan ariko den beste talde sakandarra. Iaz Igoera fasea jokatzeko ez zen sailkatu, eta ondoren Nafarroako Kopan aritu zen lehian. Azkenean hirugarren postuan despeditu zuen Nafarroako Kopa, Bidezarra txapeldunarengandik 10 puntura. Nahikoa lan eginda eta postu egokian despeditu zuen liga. Bada, Altsasuk ahalik eta lan onena egitea du aurtengo ligako helburu, ahalik eta gorenean egoteko. Hurrengo astean emanen dugu Altsasuko taldearen berri zehatza, aste honetan festetan egon baitira, baina aipatu beharra dugu asteburuan bertan hasiko dela lehian. Idoia taldearen kontra ariko da Altsasu larunbat arratsaldean, Idoia taldearen etxean. Ea duen guztia eman eta hiru puntuak Sakanara ekartzen dituen. *OHARRA: ASTE HONETAN ALTSASUKO FESTAK ZIRENEZ, ALTSASU FUTBOL TALDEAREN BERRI (AURTENGO PLANTILLA, ZUZENDARITZA, HELBURUAK...) HURRENGO GUAIXEN EMANEN DUGU.Etxarri Aranatz 2008-2009Plantilla*Atezainak: Iñaki Gonzalo eta Victor Melero.*Atzelariak: Mikel Iriarte, Javier Larrañaga, Hodei Lakuntza, Adrian Agirre, Juan Pablo Agirre, Julen Razkin, Gentza Erdozia eta Xabier Arratibel.*Erdilariak: Alain Pellejero, Julen Ijurra, Mikel Goikoetxea, Pablo Jauregi, Luis Goñi, Artzai Iraurgi, Eduardo Eldo eta Xabier Urrestarazu. *Aurrelariak: Javier Rueda, Migel Javier Moreno eta Xabat Goikoetxea. Zuzendaritza batzordeaZuzendaritzako juntako kideak: Asier Ijurra (presidentea), Iñaki Elvira (presidenteordea), Martin Goikoetxea (diruzaina), eta Jose Javier Urkia, Eduardo Elso eta Xabier Razkin (kideak).