Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Txioka baino, hitzarekin hasi zen haur ikastolaren mustutzea. Egitasmoa gauzatu bitartean Iñigo Aritzako lehendakari izan diren Juan Kruz Bengoetxea eta Manolo Etxeberriaren izenean Jonan Apaolaza aritu zen. Mustutze eguna iritsi bitartean egindako "bide luzea eta lan ugaria" gogora ekarri zituen. Egitasmoa zena gauzatzen lagundu duten guztiei eskerrak eman zizkien. Esker on adierazpen hori ikastolako zuzendari Ester Garaialderendako izan zen. Bildutakoek txaloekin eskertu zuten bere lana. Jonanek gehitu zuenez "proiektua ez da gaur bukatu, jaio baizik. Gaurtik aurrera landutakoaren fruituak ikusi beharko ditugu". Segituan Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakariak hartu zuen hitza. Iñigo Aritza ikastola zoriontzearekin batera, Nafarroa Oinez ospakizunaren zereginaren garrantzia azpimarratu zuen, "bera gabe zaila litzatekeelako Nafarroako ikastolek egin behar izan duten bide malkartsuari aurre egitea". Tellituk, bestalde, nabarmendu zuen "ikastolak herritik sortu" direla eta "zerbitzu publikoa eskaintzen duten irabazi asmorik gabeko kooperatibak" direla. Hitza hartzen azkena Altsasuko alkate Unai Hualde izan zen. Ikastolako gurasoek 35 urtetan "batzuetan baldintza zailetan" egindako lanagatik esker ona azaldu zuen. Udalak ahal duen neurrian ikastola laguntzen segituko duela azpimarratu zuen alkateak. Gogora ekarri zuen udalak emandako diru laguntza, "heldu den urtean 15.000 eurotan haziko dena eta urtez urte KPI igoko zaiona". Udalaren izenean bildutako guztiei eskatu zien: "Altsasun euskara berreskuratzeko ardura ez dezagun soilik haurren bizkarrean utzi. Guztiok, gutxi-asko, euskara ez badugu erabiltzen gure haurrek ez dute egingo". Hizlariek, ohorezko aurreskuari eta zinta mozteari txanda eman zioten. Segituan ikastetxe berria ezagutzeko aukera izan zen. Bisitaren ondoren auzatean bildu ziren mustutze ekitaldira joandako guztiak.