Lodosan Sakanako afizionatuak jaun eta jabe

Guaixe 2008ko irailaren 22a

Larunbatean Lodosa Hiriko I. Masterra-Virgen de las Angustias txapelketako finalak jokatu ziren. 48 pilotari afizionatuk parte hartu dute bertan (Nafarroako 28, Errioxako 7, Bizkaiko 5 eta Gipuzkoako 8) eta txapelketako azken txanpan 12 onenak aritu ziren lehian. Kadeteen mailan Legorburu eta Galarzak (Galdakao) 22-18 irabazi zieten Arrieta (Markina) eta Etxamendiri (Burlata). Azkenekoak ziren faboritoak, baina Legorburu eta Galarza gutxinaka-gutxinaka partidan sartu ziren eta azkenean eurena izan zen garaipena partida oso entretenigarrian. Gazteen mailan Irurtzungo Jaunarena (Leitza) eta Zabaletak (Irurtzun) 22-16 hartu zituzten menpean Irurtzungo taldeko Ansotegi (Etxarri Aranatz) eta Bergera (Arruazu). Hasiera batean 13-0 aurreratu ziren Ansotegi eta Bergera, Ansotegiren sake zitalei eta Zabaletaren urduritasunari esker, baina Jaunarena jokoan sartzen hasi zen eta Zabaletarekin batera, atzera egin zuten jokoa, Bergera menpean hartuz. Buelta eman eta 22-16 irabazi zuten, partidari buelta ikusgarria emanez. Etxeberria, bikain22 urtez azpikoen lehia ikusgarria izan zen. Insausti (Añorga) eta Etxeberriak (Lakuntza) 22-19 gailendu ziren Rico (Cenicero) eta Telletxearen kontra. Etxeberria izan zen partidako onena. Kolpe bikainarekin eta atzeko koadroa osoki beteaz, Ricoren sake zitalei erantzun bikaina eman zien, pilotak Ricoren gainetik pasaz eta aurrelari errioxarrari jokoan sartzen utzi gabe. Gainera, atzean Telletxea baino gehiago izan zen. Bere nagusitasuna ezarri zuen Etxeberriak, eta aurreko koadroetan Insaustiren joko onarekin, merezitako garaipena lortu zuten. Txapa-gaineko bi jokaldi ikusgarri egin zituen Etxeberriak, Lodosako pilotazaleek txalo zaparrada handiekin eskertu zutena. Final handi ikusgarria, zinez.