Unzurruntzaga Atxondoko Sorginen artean zazpigarren

Guaixe 2008ko irailaren 23a

Larunbatean I. Sorginen lasterketa jokatu zen Bizkaiko Atxondon. Mendiko maratoi handia izan zen jokoan zegoena, 25,6 kilometrokoa. Besteak beste, Larrano mendira igo behar izan ziren frogan parte hartu zuten 133 korrikalariek, eta Pol-Pol iturritik eta Besaideko monumentutik pasa, Bizkaiko paraje ederretan barna. Irabazlea Ionut Zinca gasteiztarra izan zen, erakustaldi bikaina emanez (1:58:03). Ander Unzurrunzaga etxarriarrak lan bikaina egin zuen, eta zazpigarrena iritsi zen helmugara (2:13:22). Gainera, 45 eta 49 urte arteko beteranoen kategorian lehen postua lortu zuen etxarriarrak. Damian Andueza urdiaindarra 83.a heldu zen (2:46:51). Emakumezkoetan, Nerea Amilibia izan zen azkarrena (2:29:06), sailkapen orokorrean 29.a izaki. Jone Pelaez altsasuarra sailkapen orokorrean 112.a heldu zen helmugara (3:02:12), eta emakumezkoetan zortzigarrena sartu zen. Gainera, 45 urtetik gorako emakumezkoen kategorian hirugarren postu onena lortu zuen.