Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ekainean erabaki zituen Nafarroako Gobernuak "krisiari aurre egiteko" neurriak. Horien artean Hezkuntza Departamenduaren murrizketa 25.130.114 eurokoa izanen zela eta diru sail bakoitzeko murrizketak, behin-behinean iragarriz. Orain diru sailetan egokitu egin ditu eta, Carlos Perez Nievas hezkuntza kontseilariak esan duenez, diru sailen blokeoa eta "denboraldi baterako erreserba" egina dago. Komunikabideetan euskara erabiltzeagatik aurtengorako aurreikusiak zeuden 310.000 euroak ez banatzeak hedabide ugari ixteko arriskuan jar ditzake, laguntza horiekiko duten premia dela eta. Horien artean daude Bierrik elkarteak kudeatzen dituen GUAIXE astekaria eta BELEIXE irratia. GUAIXEk hiru erakunde publikoetatik jasotzen du laguntza: Sakanako Mankomunitatea, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. BELEIXE irratiak, berriz, iaz geroztik ez du Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik jasotzen. Bierrik elkarteak urte hasieran jakiten du Sakanako Mankomunitateak zenbateko laguntza emanen dion komunikabide bakoitzari. Gainontzeko bi erakunde publikoen laguntza zenbatekoa izanen den urte erdia edo bukaera aldera jakiten dugu. Hortaz, urteko aurrekontua aurreko urtean jaso den diru kopuruaren gainean egiten da. BELEIXE eta GUAIXEren 2008ko jarduera ekonomikoa iaz jaso zen laguntza kontuan izanik egin zen. Laguntza hori ez jasotzeak urte bukaerara iristeko kinka larrian jartzen ditu bi komunikabideak. Aurrera begira ere, kezka eta zalantza handia sortzen du Nafarroako Gobernuak har ditzakeen erabakiek, zenbait komunikabideen geroa kolokan egon daitekeelarik.