Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gozamenez sexualitatea eta gazteriari buruzko programa da. Errespetuzko ikuspegitik gazteek sexualitatea bizi dutela agerian utzi nahi du programak. 9. urtez martxan da Sakanan. Eta, esan bezala, oraingo honetan sexualitateari buruzko zinema ziklo bat proposatzen du. Altsasuko Iortia kultur gunean emanen diren filmeekin irudimenerako, hausnarketarako, kritikarako, ludikotasunerako edota intimitaterako espazioa sortu nahi da. Beti ere, maitasuna, pasioa, sentsualitatea, jakinmina eta dibertsitatea maite, hausnarketa eta kezka dutenendako. Edo lagunduta tarte bat pasa nahi dutenendako. Gozamenez programaren bidez eskainiko den sexualitateari buruzko zinema zikloa heldu den ostegunean abiatuko da. Lastailean 5 film ikusteko aukera emanen du zikloak, Iortian kultur gunean ostegun, ostiral eta domekatan, ohiko ordutegian. Horretaz gain, bigarren hezkuntzako ikasleendako ipuin kontalari saioak eta ibarreko zenbait herrietan hainbat jarduera aurreikusi dira.