Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
III. Mailako Euskal Herriko Aizkora Txapelketaren hirugarren eta azken kanporaketa jokatuko da igandean, irailaren 28an, Urrotzen, 12:30etik aurrera. Ondoko aizkolariak ariko dira lanean: Xabier Ariztegi (Etxalar), Patxi Mindegia (Zubieta), Raul Castro (Urrotz), Jesus Etxeberria (Beitza Labaien), Esteban Pikabea (Gerendiain), Xabier Dorronsoro (Gipuzkoa), Mikel Matxinandiarena (Gipuzkoa), Jesús Oiarbide (Gipuzkoa), Juan Carlos Lopez (Araba), Juan Jose Erdozia (Etxarri Aranatz), eta Arkaitz Jauregi (Araba, Ilarduiako Lezekoa). Unai Aldape bizkaitarra kanporaketan aritzekoa zen baina ez du parte hartuko, lesionatuta baitago. Jakina denez, Arkaitz Jauregi Sakanako Aizkora Eskolan prestatzen da. Finalerako txartelak jokoanAipatu 11 aizkolariak hiru txandatan ariko dira eta bakoitzak lau kanaerdiko moztu beharko ditu. Kanporaketa horretako lehen bi aizkolari onenak urriaren 19an Altsasuko Ferietan jokatuko den III. Mailako Euskal Herriko Aizkora Txapelketako finalean ariko dira. Abuztuan Gorritin jokatu zen kanporaketan Ander Erasunek eta Asier Pellejerok lortu zuten finalerako txartela, eta David Amillano altsasuarra kanpo geratu zen. Duela bi asteburu Lantzen jokatutako bigarren kanporaketan Aitzol Atutxa eta Aratz Mugertza sailkatu ziren finalerako, eta Etxarri Aranazko Goizeder Beltza txapelketatik at geratu zen. Ikusi beharko da asteburu honetan zer nolako lana egiten duten Juanjo Erdozia etxarriarrak eta Arkaitz Jauregi arabarrak. Ez dira faborito nagusiak baina dena ematera aterako direla ez dago zalantzan jartzerik.