Aralar Mendi eta Xota lehian

Guaixe 2008ko irailaren 26a

Asteburu honetan hasiko da Areto Futboleko Estatuko B maila. Bi talde sakandar lehiatuko dira: Uharte Arakilgo Aralar Mendi eta Irurtzungo Xota. Iaz primerako lana egin zuen Aralar Mendik, hirugarren postuan amaitu baitzuen liga. Gainera, gutxigatik ez zen bigarren izan, azken partidan Tafatrans Tafalla taldearen kontra 3-5 galdu eta Tafallako taldeak bigarren postua kendu baitzion Aralar Mendiri. Zalatanbor taldea izan zen liderra eta Estatuko A mailara igo zen taldea. Aldiz, Irurtzungo Xota taldea Estatuko A mailan aritzen zen iaz, baina denboraldi kaxkarra egin eta gero, ezin izan zion mailari eutsi eta aurten Estatuko B mailan ariko da. Jakina, A mailara igotzea du buruan Irurtzungo taldeak, baina gainontzekoek ere asmo berbera dute eta liga borrokatua espero da. Iruñean jokatuko du Aralar Mendik larunbatean, Universidad de Navarra taldearen kontra. Aldiz, Xotak etxean jokatuko du, Irurtzunen, Gima Ribera Navarra taldearen kontra. Ea gure taldeek ligari hasiera bikaina ematen dioten.