2009ko erdi aldera hasiko dira Urdiain-Altsasu industrialdeko lanak

Guaixe 2008ko urriaren 2a

Kontseilariarekin batera departamenduko 3 zuzendari nagusiak ere izan ziren Burundan eta udal ordezkariekin lan jardunaldia izan zuten. Ondoren, prentsaurrekoan Jose Maria Roig kontseilariak aurreratu zuen Urdiain-Altsasu industrialdeko lanak heldu den urteko erdialdean, "eurien ondoren" hasi eta 2010eko bigarren sei hilabetekoan despedituko direla. Industrialdearen Urdiaingo zatia dela zehaztu zuen. 600.000 metro karratuko azalera urbanizatzeko 25 milioi euro bideratuko ditu Nafarroako Gobernuak. Kontseilariak esan zuenez, lanak Urdiain aldean hasiko dira eta "bete ahala" industrialdea zabaltzen joanen da, aurreikusitako 900.000 metro karratuak hartu arte. Antza, industrialdeak hartuko duen Altsasuko dermioaren zatian Zangitu herriaren azterketa arkeologikoa egin beharra dago, eta kontseilariak azaldu zuenez "ikerketak egin bitartean geldi egon beharrean Urdiaindik hastea egoki jo dugu, industriarako lurra enpresariei eskaini ahal izateko". Urdiain-Altsasu industrialdea Nasuinsa enpresa publikoaren bidez sustatuko da eta Roig kontseilariak azaldu zuenez, "ahalik eta kostu txikienarekin egiten saiatuko gara, ezarriko diren enpresek gutxiago gasta dezaten". Lurren desjabetzeaz galdetuta kontseilariak esan du lehenik Nafarroako Gobernuak akordioa hartu behar duela, eta bere departamenduak aurki eramanen duela hori gobernu bilerara. Ondoren Nasuinsa izanen da horretaz arduratuko dena. Lurrak "baremo ofizialen arabera" ordainduko direla azaldu du. AurreikuspenakJose Maria Roig kontseilariak bere agerraldian industrialdearen kokapena goraipatu zuen. Antza ba omen dira han kokatzeko interesa azaldu duten enpresak, "bertako batek handitzeko asmoa du. Herriguneetan dauden lantegiak hara aldatuko direnak... Aurretik eginda dauden ikerketek aurreikuspen onak jasotzen zituzten. Baina egungo krisiarekin zaila da ezer zehaztea". Jose Maria Roigendako Sakana "industria eremu dinamikoa da". Kontseilariarendako egokia litzateke "dauden enpresak beste sektore batzuetakoengatik ordezkatu beharrean, bertako enpresak produkzio arlo berrietara zabaltzea". Energia berriztagarrien arloa adibide gisa jarri du. Horretarako ezinbestekoa jo du ikerketa eta garapenean inbertitzea. Jose Maria Roigek esan duenez, "enpresek dezente inbertitzen dute, baina etorkizunera begira, gehiago bultzatu beharko lukete ikerketa eta garapena".  KomunikazioaBerrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak esan zuenez, "elkarrizketarako bideak jarri dira, industrialdea sustatu, etorriko diren enpresak zein diren adosteko". Komunikazio hori gizarte eragileekin ere izanen dela esan du kontseilariak. Asteazkenean UGT, CCOO eta Sakanako Enpresarien Elkarteko ordezkariekin bildu zen. Altsasuko alkate Unai Hualdek, bestalde, "elkarrizketaldi baten hasiera" izateko esperantza azaldu zuen. Udal ordezkariekin bildu ondoren, Kontseilariak eta departamentuko zuzendari nagusiak Altsasuko enplegu bulegoan izan ziren bisitan.