Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean Ororbiako V. Duatloia jokatu zen, Abajitabidea Trofeoa, Nafarroako 2008 Txapelketa, hain zuen. Proba nagusia 104 atletek bukatu zuten, 5 km korrika, 15 km txirrindulan eta 2,5 km korrika egin eta gero. Irabazlea, txirrindula zatian ateratako abantailari esker, BH Axarquia taldeko Juan Carlos Nieva izan zen (1:05:22). Bera izan zen Nafarroako txapelduna, eta berarekin batera Ana Casares, azken hau emakumezko onena. Sakandarrek lan ona egin zuten. Lakuntzan bizi den Alberto Martinez Trinidad bigarrena izan zen (1:06:34) eta Igor Flores urdiaindarra laugarrena (1:08:46). Bi txirrindulari profesional ohi hauek ez dute kirola albo batean utzi, argi ikusi daitekeenez. Sakana Triatloi Taldeko kirolarien lana ere ez zen makala izan: Urko Berdud altsasuarra 31.a sartu zen helmugara (1:18:03), Aitor Mozo lakuntzarra 38.a (1:19:30) eta Mikel Berdud altsasuarra 54.a (1:22:43). Aipatzekoa da talde bereko Judit Saizar erretiratu behar izan zela. Kimuen mailan Lagunak taldeko Sagastibeltza izan zen onena (14:14), eta Josu Mozo lakuntzarra 13.a (19:33).