Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Otsailean hasi eta larunbatean despeditu zen Irristaketa Federazioak antolatutako Iruñeko txikien liga. Nafarroako klub guztietatik etorritako 200 irristalari inguru aritu dira jokoan, tartean Sakanakoak. Urdiaingo Aitziber, Olaztiko Sutegi, Altsasu eta Etxarriko 30 gaztetxo inguru. Larunbat goizean azken jardunaldia jokatu zuten Antsoainen eta bukaeran parte hartzaile guztiek oroigarri eta oparitxoa jaso zuten, parte hartu izana saritu nahi baitzen. "Kirola egiteaz gain, ongi pasatu eta lagun berriak egiten dituzte gure kirolariek" nabarmendu Olazti, Urdiain eta Altsasuko taldeetako entrenatzaile Juli Acebes olaztiarrak. Urriaren 25ean despedituko dira otsailean hasitako ligako beste probak. Esaterako, igandean Zaragozan lehiatuko dira nagusienak, eta urriaren 25ean Nafar Kirol Jolasen Irristaketa finalak egonen dira jokoan. Juli Acebesek nabarmendu du urtean barna irristaketa eskoletan aritzen diren gaztetxoendako oso inportantea dela liga eta probetan lehiatzea "haurrek ongi pasatzen dutelako, herri ezberdinen arteko haurren harremana hobetzen delako eta lagun berriak egiten dituztelako". Baina jakina, horretarako asteburutan probetan aritzera joan behar dira haurrak eta haien gurasoek bertara eraman behar dituzte. Askotan ezin dute edo nahiago izaten dute astean barnako mugimenduaren ostean atseden hartu. "Irristaketa eskolako martxa hasi dugunez, hurrengo urteko denboraldiari begira federazioko egutegiko probetan aritzera animatu nahi ditut irristalariak eta haien gurasoak" dio Acebesek. Burundan 150 irristalariIrristaketak zaletu ugari ditu Sakanan, eta horren isla irristaketa eskoletan dauden neskato-mutikoak. Olaztiko Sutegi eskolan 71 gaztetxo ari dira, Altsasukoan 42-45 eta Urdiaingo Aitziberren 36, guztira 150 irristalari pasa Burundan. Guztien entrenatzailea da Juli Acebes olaztiarra, prakak bete lan dituena. Astearte eta ostegunetan, 16:30etik 19:00ak arte aritzen da Altsasun, Zelandin; asteazken eta ostiraletan 17:00etatik 18:30era Olaztin, kiroldegian; eta asteartetan 19:00etatik 21:30era Urdiainen, pilotalekuan."Taldeka entrenatzen ditut, eta esan beharra dago kirol osoa dela irristaketa, oso ongi pasatzen dutela. Baina eskolan aritzeaz gain txapelketetara joatea kosta egiten zaie arestian aipatu dugunagatik. Ea animatzen diren!" dio Julik. Irristaketa egunaAurten ez da Sakanako Irristaketa Ligarik egongo. Otsailean federazioak antolatutako ligetan parte hartzen hasten dira irristalariak, urriaren bukaeran despeditzen direnak, eta azarotik otsailera bitartean ez dago data libre askorik. "Irristaketa eskolen martxa hasi, berehala abenduko oporrak, urte berria... eta atzera ere otsaileko txapelketak. Liga antolatzea ezinezkoa zaigu, baina Mankomunitateko Kirol Zerbitzuarekin akaso Irristaketa Eguna edo halakoren bat antolatzen saiatuko gara, gure bailaran irristaketaz gozatu ahal izateko" esan digu Acebesek.