Altsasuko finalean ez da sakandarrik izanen

Guaixe 2008ko urriaren 1a

Igandean III. Mailako Euskal Herriko Aizkora Txapelketa jokatu zen Urrotzen. 11 aizkolari lehiatu ziren, tartean Juanjo Erdozia etxarriarra eta Ilarduiako Lezeko Arkaitz Jauregi, Sakanako Aizkora Eskolan formatzen ari dena. Hiru txandatan lehiatu ziren, eta aizkolari bakoitzak lau kanaerdiko ebaki behar izan zituen. Finalerako bi txartela zeuden jokoan.Lehia polita eta bizia izan zen, aizkolari asko pareko aritu baitziren. Denbora onena Raul Castro urroztarrak egin zuen (10:27), Patxi Mindegia zubietarrari 12 segundo atereaz (10:39). Arkaitz Jauregik bere taldeko denbora onena egin zuen (11:57), baina ez finalerako sailkatzeko adinakoa. Sailkapen orokorrean bosgarrena izan zen Lezekoa. Eta Juanjo Erdozia etxarriarra ere ongi aritu zen: seigarrena sailkatu zen (12:42).Gauzak horrela, Raul Castro eta Patxi Mindegia sailkatu ziren urriaren 18an, 18:00etan, Altsasuko Ferietan jokatuko den III. Mailako Euskal Herriko Aizkora Txapelketako finalerako. Haiekin batera ariko dira Aitzol Atutxa, Ander Erasun, Asier Pellejero eta Aratz Mugertza. Hortaz, finalean ez da sakandarrik izanen, kanporaketetan lehiatu zirenak - David Amillano, Goizeder Beltza eta Juanjo Erdozia - ez baitziren sailkatu.