Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urte hasieran mustu zuten Sakanako txirrindulari profesionalek 2008ko denboraldia. UCI Pro Tour-eko lasterketek markatu dute Ag2r taldeko Jose Luis Arrieta, Euskalte-Euskadiko Egoi Martinez, Gorka Verdugo eta Jorge Azanza eta Caisse d´Epargneko Imanol Erbiti gaztearen egutegia. Liberty Seguros taldeko Pablo Urtasun, berriz, zirkuitu kontinentaleko probetan lehiatu da.Gozatzeko aukera paregabeak eman dizkigute Sakanako txirrindulariek: Primerako hasiera eman zion Gorka Verdugok denboraldiari eta onenen artean egon zen Katalunian eta Valentzian. Udaberrian jaso genuen lehen poz handia, Pablo Urtasun urdiaindarrak Asturiasen lortutako garaipenarekin. Udako itzuli handietan ere, gozatu ederra hartu dugu. Frantziako Itzulian gertu izan zuen garaipena Egoi Martinezek. Orduan ez zen posible izan, baina irailean jaso zuen lanaren ordaina: Espainiako Itzulian liderraren maillota eraman zuen soinean 4 egunetan. Ez zen bera izan itzulira borrokarako prest joan zen sakandar bakarra. Arrieta eta Erbiti ere lasterketa buruan ikusi genituen egun batean baino gehiagotan. Azken honendako izan zen saria: itzuliko 18. etaparekin mustu zuen hiriberritarrak bere palmaresa. 2009an lanera itzuliko diraAmaitzear dago 2008ko txirrindularitza denboraldia. Gehienak lasai joanen dira oporretara, kontratua berrituta, argi baitute gertuko etorkizuna. Jose Luis Arrieta, Gorka Verdugo eta Jorge Azanzaren kasua da. Denetan beteranoenak, Jose Luis Arrietak, azken urtetako taldearekin berritu du kontratua. Antza, profesionaletara 1993an salto egin zuen uhartearra ez da bizikletaz aspertu eta beste urte batez luzatu du kontratua. Oraindik ere zer emana baduen seinale.Gorka Verdugok urtean zehar egindako lan onak ere fruitua izan du. Beste bi urtez jarraituko du bere ibilbide profesionalean talde izan duen Euskaltel-Euskadin. Jorge Azanza altsasuarrak ere elastiko laranjarekin jarraituko du, hitzarmena urte batez luzatu eta gero. Egoi Martinezek eta Imanol Erbitik indarrean dute hitzarmena datorren urtera arte.Pablo Urtasunek bere talde Liberty Segurosen eskaintza jaso du beste urte batez Portugalen jarraitzeko. Urdiaindarrak adierazi digunez, etxera gerturatzea nahi du eta oraindik ez du argi Portugaleko taldearekin hitzarmena sinatuko duen.