Langilea lan istripuan hilda

Guaixe 2008ko urriaren 7a

M.A.O.M.-ren hileta asteartean izan zen. Hildakoak 62 urte zituen eta emaztea eta seme-alaba utzi ditu. Zorigaitzak familia hori horrela kolpatzen duen bigarren aldia da, alargundu berriaren ahizparen senarra ere hala hil baitzen.Satenhor (Servicio de Asistencia Tecnica de Hormigoneras) enpresak dozena bat langile ditu. Asteartean dolu eguna izan zen lantegian eta ez zen jarduerarik izan. Etxarri Aranazko lantegi horretan Liebherr eta Meller Kipper etxetako eraikuntzarako ibilgailuen konponketa eta mantenua egiten da. ErreakzioakELA eta LABek jakitera eman dutenez Etxarrikoarekin aurten Hego Euskal Herrian 76 dira lan istripuan hildako langileak. Haietatik dozena bat Nafarroan hil dira. UGTk ohar baten bidez langilearen heriotza salatu du. Aldi berean, UGTk ezbeharraren "gertaeren ikerketa xehea" eskatu du. Sindikatuak gogora ekarri du aurten Nafarroan 6 langile hil direla lanpostuan. Sindikatu sozialistak "gogor salatu du gaitz" hori, baita "enpresetan dagoen segurtasun falta" ere. UGTk administrazioari "zigor ahalmena erabiltzeko" eskatu du. Azkenik UGTk hildakoaren familiari elkartasuna adierazi nahi izan dio. ELA sindikatuak azpimarratu du "ezbehar-kopurua sortzen duten kausak behin eta berriz errepikatzen dira". ELA "aldi baterako adabakiak" diren konponbideen kontra azaldu da eta administrazioari "egoerari aurre egiteko borondate falta" egotzi dio. "Lan segurtasun eta osasun gaietan administrazioaren lidergo falta" nabarmendu du ELAk eta patronalaren interes bera defendatzea leporatu dio. ELAko Sakanako ordezkariek ostegun eguerdian Altsasun duten egoitzaren aurrean kontzentrazioa egin zuten lan istripua salatzeko. LAB sindikatuarendako "horrelako gertaerak onartezinak dira eta gizarte arazo larri baten aurrean" gaudela nabarmendu du. Prekarietatearen eta Lan Arriskuen Prebentzio Legea kritikatu eta gero, LABek "erantzunkizun guztia administrazioaren eta patronalaren gain" kokatu du. Sindikatu abertzaleak astelehenean bertan bilkura egin zuen Etxarri Aranatzen. 30 bat pertsona bildu ziren plazan. Asteartean Altsasun bilkura deitu zuen LABk. CCOOk azaldu zuenez lan istripuak "ekidin" daitezke eta enpresei exijitu zien "Lan Arriskuen Prebentzio Legea zorrotz betetzea". Horrekin batera, langileen "osasun eta segurtasunean duten ardura bere egin" dezatela exijitu zuen. Azkenik, CNTk "apenas garrantziarik eman ez eta estaltzen den odolustea" salatu zuen.