Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Europako legedi batek hondakin organikoak tratatzera behartzen du. Sakanan orain arte hondakin horiei Arbizuko hondakindegian lur ematen zitzaien. Baina legedi berrira egokitu beharra dago eta Sakanako Mankomunitateak Nafarroako Hondakinen Kontsortzioan sartzea egoki jo du. JasoSakanako Mankomunitatea kontsortzioan sartu eta gero, ibarrean sortzen diren hondakin organiko guztiek Arbizuko hondakindegian bukatu beharrean Tuterakoan bukatuko dute. Hori posible egin ahal izateko Sakanan jasotzen diren hondakinak Arbizuko hondakindegira eraman dira. Baina lur eman beharrean, deskargatu eta trinkotu ondoren Erriberako bidean jarriko dituzte. Hondakinak Tuterara eraman ahal izateko Arbizuko hondakindegian egokitze lan batzuk egin beharra daude. Hondakinak Tuterara nola eraman aztertzen ari dira gaur egun.Hasiera batean Iruñean bukatu behar zuten ibarreko hondakin organikoek, baina epai batek Iruñerriko mankomunitatearen egitasmoa baliogabe utzi zuen. Tuterako Culebrete hondakindegian biometanizazio prozesua erabiliko dute hondakinak tratatzeko, Iruñerrikoan aurreikusten zen sistema bera. Sakanako Mankomunitateak urte hasieran zabaldutakoaren arabera, iaz ibarrean jasotako hondakinen %73,82 edukiontzi berdean jasotakoa izan zen. Hondakin kopuru hori guztia Tuterara eramateak Arbizuko hondakindegiaren erabilera luzatzea dakar, han ez baita hainbeste hondakin metatuko. Mankomunitateko presidente Migel Angel Zubiriak azaldu digunez, Arbizuko hondakindegian "arriskutsuak ez diren hondakinek, inerteek" bukatuko dute. Bestalde, Sakanako Mankomunitateak aurten etxeko konpostagintza sustatzeko aurreneko kanpaina egin du. Horrela, etxeetan sortutako hondakin organikoa konpost bihurtu eta ongarri bezala erabil liteke, edukiontzi berdeetan bukatzen duen hondakin kopurua murriztuz. Kontsortzioa Erakunde horretan hondakinen kudeaketaz arduratzen diren Nafarroako administrazio guztiak bilduak egonen dira, Iruñerrikoa ez beste. Nafarroako mankomunitate horiekin guztiekin batera NILSA enpresa publikoa ere kontsortzioko kide da. Sakanako Mankomunitatea kontsortzioko kide izateak ekarriko du ere hondakinen bilketagatik ordaintzen dugun tasa igotzea. 17 euro igoko da. Kopuru hori igoko da Nafarroako gainontzeko mankomunitateetan ere.