Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orakongo iturburuko urak erabiltzeko Ebroko Ur Konfederazioaren kontzesioa du Sakanako Mankomunitateak eta hitzarmenaren arabera horri eutsiko dio. Baina mankomunitateak hango uraren premiarik ez duenean Irañetak erabiltzeko aukera izanen du. Hala jasotzen du hitzarmenak. Orakongo iturburuko urarekin Sakanako Mankomunitateak, gaur egun, Hiriberri eta Ihabar hornitzen ditu. Berriki mankomunitateak besteak beste Orakongo iturburuko ura biltzen duen biltegi bat eraiki du Ihabarren. Arakilgo herrien ur horniketa ziurtatzeko Sakanako Mankomunitatearen asmoa da Urdalurko ura Lakuntzaraino daraman sarea luzatzea. Ur hornikuntza sarearen zati berri hori aipatutako ur biltegian bukatuko litzateke eta handik Arakilgo zenbait herriri zerbitzua emanen lieke mankomunitateak. HitzarmenaEtorkizunean Arakilerako ura Urdalurtik hartuko dela eta ur biltegiak izanen duen erabilera kontuan izanik, Sakanako Mankomunitateak eta Irañetako Udalak hitzarmena sinatu dute. Han jasoa dagoenez, Orakongo uraren kontzesioa mankomunitatearena izanen da. Lakuntza eta Ihabarko ur biltegiaren arteko ur hornikuntza sarea egiten denean, mankomunitateak baimena emanen dio Irañetako Udalari Orakungo iturburuko ura erabiltzeko. BaldintzakBeti ere baldintza batzuk jasoko dira hitzarmenean. Sakanako Mankomunitateak behar duen guztietan erabili ahal izanen du Orakongo ura. Irañetako Udalak iturburu horretako ura bere biltegira eramateko beharrezkoak diren lanak egin beharko ditu, baina mankomunitateko teknikariekin koordinatuta. Lan horiekin ura Irañetara edo Ihabarrera bideratzeko pasako giltzak jarri beharko dira. Irañetak ezin izanen du iturburu horretako urik erabili mankomunitateak bere hornikuntza sarea Ihabarko ur biltegi berriraino zabaltzen ez duen bitartean. Eta Irañeta ur hori erabiltzen hasten denean uraren tratamenduaz arduratu beharko da. Irañetako Udalak konpromisoa hartu du, bestalde, Orakongo iturburutik hornitzen denetan Ihabarko aska batzuk ere urez hornitzeko. Horrela Ihabarko Kontzejuarekin hartutako konpromisoak beteko dira. Azkenik, hitzarmena indarrik gabe geldituko da Irañetako Udala Sakanako Mankomunitateko Ur Zerbitzuan sartzea erabakitzen duen unean.