Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateak udan antolatutako ikastaro eta jardueren balorazioa egin du. "Oso pozik gaude prestatutako ekitaldiek izan duten erantzunarekin, parte hartzea ona izan baita" dio Mankomunitateko kirol teknikari Nerea Martinezek. 37 haur eta gaztetxok parte hartu zuten futbol kanpusean. Aurten, estreinekoz, Lakuntzako Zelai Berrik hartu zuen futbol ikastaroa. "Ikasle eta monitoreek zioten zelaiak alfonbra berde bat zirudiela. Primerakoa da Lakuntzako zelaia, eta horregatik asko eskertzen dugu Lakuntzako Udala eta Lagun Artea taldea, zelaia erabiltzen utzi digutelako. Ziurrenik kanpusean aritu zirenak gutxitan izango zuten halako zelai batean jokatzeko aukera" azaldu du Nerea Martinezek. Gainera, eguraldia lagun, entrenamenduak eta gero, Lakuntzako igerilekuetan bainua hartzeko aukera izan zuten kanpusekoek. "Aurtengoa luxuzko futbol kanpusa izan da" nabarmendu du kirol teknikariak. Irurtzungo igerilekuetan antolatutako piragua ikastaroak ere jarraipen handia izan zuen. "Jarduera erakargarria izanik, bi txandak beteta egon ziren eta piraguan murgilduz ongi pasa zuten" gaineratu du Nerea Martinezek. Udako igeriketari dagokionez, eguraldi ona egin du aurten eta Sakanako haur eta gaztetxoek igeriketan murgiltzeko aukera paregabea izan dute. Uharte Arakilgo igerilekuak hartu zuen waterpolo jardunaldia, eguraldia lagun, eta igeriketa txapelketa egunean ere bero handia egin zuen. Horregatik igerilarien parte hartzea handia izan zen. Beste herrietako haurrekin harremanak izateaz gain, guztiek domina jaso zuten.