Sakanako kiroldegietan lau desfibriladore daude

Guaixe 2008ko urriaren 7a

Norbaiti bihotzekoak ematen dionean masaje kardiakoak eta desfibriladorearekin egindako deskargak izaten dira soluzioa. Orain arte osasun zerbitzuek zeuzkaten desfibriladoreak, baina geroz eta toki gehiagotan topa daitezke, tartean kirol guneetan. Bada, hemendik aurrera Sakanako 4 kirol guneetan daude desfibriladore semi automatikoak: Olaztiko Erburua kiroldegian, Altsasuko Zelandi kiroldegian, Arbizuko kiroldegian eta Sakanako Mankomunitateko Lakuntzako egoitzan. "Mankomunitatekoa Sakanan antolatutako kirol jarduera ezberdinetara eramateko da" azaldu du kirol teknikari Nerea Martinezek. Desfibriladore bakoitzak 2.000 euro inguruko kostua dauka, eta inbertsio hori Olazti, Altsasu eta Arbizuko Udalek eta Sakanako Mankomunitateak egin dute. Desfibriladoreak erabiltzen ikasteko irailean ikastaroa antolatu zuen Sakanako Mankomunitateak, 12 pertsonek egin zutena: aipatu kiroldegietako langileek eta sorosleek, aipatu udaletako zinegotzi batzuek, Mankomunitateko kirol teknikariek... "Norbaiti bihotzekoak ematen dionean masaje kardiakoak eman behar dizkiozu, eta tarteka desfibriladorearekin deskarga egin. CEIM (Centro de Estudios, Investigación y Medicina del Deporte del Gobierno de Navarra) erakundekoek eman ziguten ikastaroa, eta prozesu guztia erakutsi ziguten, hau da, masajeak eman eta desfibriladorea erabiltzen" zehaztu du Martinezek. Sakanan jarri diren desfibriladore hauek soilik aipatu formazioa jaso duten pertsonek erabiliko dituzte.