Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuak 2008ko Kirol Sariak banatu zituen asteartean Baluarten egindako ekitaldian. Saritutakoen artean Santiago Pesquera boccialaria dago. Berak jaso zuen gizonezko kirolari onenaren saria. Meritua handia da, herritarrek aukeratu baitute Pesquera, Nafarroako Gobernuaren web orrian egin zitezkeen proposamen eta bozen bidez. Berarekin batera Sandra Gomez igerilari paralinpikoak jaso du emakumezko kirolari onenaren saria. Santi Pesquerak lau Paralinpiar Jokotan parte hartu du eta guztira lau zilarrezko domina eta urrezko bat irabazi ditu: banakako urrezko domina eta binakako zilarrezkoa Sydney-ko Jokoetan, 2000 urtean; zilarrezko dominak banaka eta binakakoan Atenasko Jokoetan, 2004ean; eta zilarrezkoa binakakoan, berriki jokatu diren Pekingo Jokoetan. Lehendabiziko jokoetan Patxi Urrestarazu etxarriarra izan zen bere prestatzailea eta azken jokoetan, berriz, Gorka Santesteban etxarrendarra. Hain zuzen ere Pesquerak jasotako saria haren entrenatzaile izandakoei - galan zeuden Patxi Urrestarazu etxarriarra eta Gorka Santesteban etxarrendarra - , bere emazte Anari eta Aspace Navarrari eskaini zien. Pesquerarendako bereziak izan dira Pekingo jokoak, bertan despeditu baititu goi mailako txapelketak. Hala ere ez du boccia alde batera utziko. Bere asmoa, besteak beste, boccia klaseak ematea da.