Unai Villalobos eta Oihan Lorea, Zaragozako Trofeoarekin etxera

Guaixe 2008ko urriaren 8a

Larunbatean Lurralde Arteko Ligako irristaketa jardunaldia jokatu zen Zaragozan. Bertan kimuak, haurrak, gazteak eta seniorrak lehiatzen dira. Proba bat Gipuzkoan izaten da, bestea Aragoin eta hirugarrena Nafarroan. Bada, larunbatean Aragoin jokatu zen, Zaragozan, eta ligako azken jardunaldia urriaren 25ean izanen da Iruñean. Larunbatean jokatu zena Zaragoza Trofeoa izan zen, eta bertan Olaztiko Sutegiko, Altsasuko Taldeko eta Urdiaingo Aitziber elkarteko irristalariak lehiatu ziren, 34 guztira. Euren gurasoekin eta Juli Acebes entrenatzailearekin gerturatu ziren Zaragozara, primerako giroan. Kimuek, haurrek, gazteek eta seniorrek Lurralde Arteko Ligarako puntuatu zuten, eta gainontzekoek Zaragozako Trofeorako. Bada, Altsasuko Unai Villalobos lehena izan zen mini kategorian, eta Oihan Lorea altsasuarra hirugarrena benjamin mailan. Zaragozako Trofeoa ekarri zuten, bada, Sakanara. Olazti, Altsasu eta Urdiaingo eskoletako zuzendari Juli Acebesek Sakanako Mankomunitatearendako hitz onak izan ditu. "Urte guztian barna babesa ematen digu Mankomunitateak eta eskertzekoa da". Bestalde, hitz goxoak izan ditu euren seme-alabak probetara laguntzen dituzten gurasoendako. "Gurasoendako ere txango polita da euren seme-alabak irristaketa probetara eramatea. Gainontzeko gurasoak ezagutzen dituzte eta giro oso polita sortzen da". Denboraldiko azkeneko irristaketa proba urriaren 25ean izanen da, Iruñean. Etxarri Aranazko eskolan 30 irristalariAurreko astean Olazti, Altsasu eta Urdiaingo irristaketa taldeak hartu genituen hizpide, baina horiek ez dira Sakanan dauden bakarrak, Etxarri Aranatzen irristaketa eskola baitago ere. 6 eta 12 urte arteko 30 irristalarik osatzen dute taldea, eta Dayana entrenatzaileari esker murgiltzen dira irristaketaren sekretuetan. Ostiralean hasi ziren lanean eta ostiralero entrenatuko dute, 16:45etik 19:00etara, San Donato ikastetxeko kiroldegian, hiru multzotan banatuta. "Lehenengo multzoan hasi berriak eta urte bat daramatenak aritzen dira, bigarrenean ertainak, eta hirugarrenean maila altuena dutenak" azaldu digu taldeko arduradun Miriam Roldanek.Orain arte Sakanan antolatutako probatan lehiatu dira eskolako kide batzuk, baina astero entrenatzea dute maiteago probetan lehiatzea baino. "Hala ere, entrenatzaileak lehiaketetarako prestaketa landuko du" gaineratu du Roldanek.