Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Xakezaleek joan zen larunbatean eman zion hasiera Nafarroako Banakako Xake Txapelketa Absolutuari. 90 parte hartzaile izanen ditu txapelketak aurtengoan, preferente, lehenengo eta bigarren mailan banatuta, iaz baino 25 bat gutxiago. Ohi denez, parte hartzaileen artean ez da sakandarrik falta. Aurten gainera, estrenekoz, Zaldi Beltza taldeko sakandarrekin batera, sortu berri den Laukia xake taldekoak animatu dira. Preferente mailan lehiatuko da Cesar Razkin etxarriarra. Julen Floresekin batera, lehen mailan ariko dira Manex Insausti eta Jose Antonio Ieregi, mailaz igo eta gero. Aimar Ieregi, Markel Flores eta Adelino Moreira bigarrenean lehiatuko dira. Zazpi errondatan erabakiko da txapelketa. Azaroaren 17ra arte, badute nahiko lan xake jokalariek. 2008ko txapelketaren estreneko errondan, preferente mailan, Iker Irañetaren aurka lehiatu zen Cesar Razkin eta etxarriarrak ezin izan zuen irabazi. Datorren jardunaldian atsedena izanen du Etxarrikoak. Lehen mailan, Julen Floresek ezin izan zuen Agustin Santos mendean hartu eta Jose Antonio Ieregik ere galdu egin zuen Mikel Torresen aurka. Manex Insaustik, berriz, mendean hartu zuen Juan Felix Egues. Datorren larunbatean, Jon Iñaki Arrizibitaren aurka lehiatuko da Manex Insausti, Jose Antonio Ieregik Jon Jauregi izanen du aurrez aurre eta Julen Flores Daniel Aginagaren aurka ariko da. Bigarren mailan, Aimar Ieregik mendean hartu zuen Gerardo Lerendegi eta Markel Flores eta Adelino Moreiraren arteko derbyan lehenengoa gailendu zen. Larunbatean, bigarren errondan, Markel Floresek Asier Oraa izanen du aurrez aurre eta Aimar Ieregi Juan Antonio Monrealen aurka lehiatuko da. Adelino Moreirak atsedena izanen du.