Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak batzeko lehen urratsak

Guaixe 2008ko urriaren 10a

Aurki Nafarroako Gobernuko ordezkariekin biltzekoak dira Sakanako Mankomunitateko ordezkariak. 3 Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen mankomunitateak batzeko egitasmoa azalduko diete. Baita hori gauzatzeko egoki jotzen dituzten formulak ere. Orain arteko egoitzak mantenduko lirateke proposamen horren arabera. Sakanako Mankomunitateak bere egitasmoa gauzatzeko beharrezkoa da Irurtzun eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren lan eremua Sakanara mugatzea. Gaur egun Irurtzun eta Arruazu arteko eremua hartzeaz gain, Larraun, Araitz eta beste eskualde batzuei ematen die zerbitzua Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak. Sakanako Mankomunitateak gobernuari proposatuko diona da Sakana ez diren eskualdeak Lekunberriko Oinarrizko Zerbitzuekin batzeko. Sakanako Mankomunitatetik esan digutenez "antza, gobernuak begi onez ikusten du gure proposamena". AHTSakanako Mankomunitateak irailaren 30ean egindako bilkuran abiadura handiko trenaren (AHT) inguruan hitz egin zen. Ibarreko erakundeak erabakia zuen egitasmoaren aldeko eta kontrako iritziak emanen lituzketen adituak biltzea eta 3 hitzaldi informatibo antolatzea. Batzarrean azaldu zenez, AHTren egitasmoaren aldeko iritzia emateko prest leudekeen adituak lortzeko saiakera guztiak alferrikakoak izan dira. Migel Angel Zubiriak esan digunez, "(administrazioek) erabaki dute horrelako eztabaidetara inor ez joatea, antzuak direlako". Hasierako egitasmoa, beraz, hanka motz gelditu zaio Sakanako Mankomunitateari eta zer egin aztertu beharko du.